Txaloaldia 'Ni, munduko txarrena' obrari
Ugaitz Alegria aktore ondarrutarrak antzezten duen ‘Ni, munduko txarrena’ obrak kritika on-onak jaso ditu Madrilen. Kontakizuna jendearengana heldu dela dio aktore ondarrutarrak.
Obra estreinatu eta pandemiak dena geldiarazi bazien ere, arinago edo beranduago ailegatu da euren lana balioan jartzen duen olatua. Euskal Herrian, Galizian zein Madrilen, kritika on asko jaso ditu Vaiven ekoiztetxearen Ni, munduko txarrena (Yo, la peor del mundo) antzezlanak. Obra antzezten dutenen artean dago Ugaitz Alegria aktore ondarrutarra: «Oso pozik gaude publikoaren erantzunagaz».
Maiatzaren 12tik 29ra egon dira Madrilgo (Espainia) Fernan Gomez antzokian. «Batetik, kritika onak egin dizkigute. Bestetik, publikoak ere oso ondo erantzun du». Egunero txaloaldiak eduki ez badituzte ere, sarri eduki dituztela dio. «Ez dakit Madrileko ohitura den edo zer, baina ‘bravo, bravo’ egunero entzuten genuen. Konturatu gara kontakizuna jendearengana ailegatu dela, eta horrek bete egin gaitu».
Ni, munduko txarrena gaurkotasun handiko ikuskizun musikala dela dio ondarrutarrak. «Sor Juana Ines de la Cruzek 1695. urtean bizi izan zuena kontatzen du obrak, modu hunkigarrian. Gehienok ez dakigu ezer emakume hari buruz. Eta konturatu gara obra ikusita antzokitik ateratzen diren asko emakume hari buruzko informazio gehiago aurkitzeko gogoagaz ateratzen direla».
Nahiz eta antzerki klasiko bat izan, «historia oso modu errazean eta ulergarrian» aurkeztu dute. «Pasarte asko klasikotasunetik kontatzen dira, baina gaur egunko hizkeragaz. Beraz, publikoak oso erraz jaso eta barneratzen du mezua».
Kontakizun feminista. Gaineratu du puntu komikoak ere badituela obrak, baina argi utzi du ez dela komedia bat. «Tragikomedia bat dela esango nuke. Sor Juana Ines de la Cruz feminismoaren aintzindari bat zen. Oro har, feminismoaz hitz egiten ez zen garai bateko kontakizun feminista hunkigarri eta gozo bat da».
Aktoreak: Itxaso Quintana, Ugaitz Alegria, Nerea Gorriti, Ylenia Baglietto, Ana Pimenta/Dorleta Urretabizkaia
Gaur egun feminismoaz asko hitz egiten bada ere, obrak kontatzen du mendeak atzera emakume hark nola borrokatu zuen, nola denen aurka egin zuen. «Aske bizi nahi zuen emakume baten bizipenak taularatzen ditugu. Aske maitatu nahi zuen, idatzi egin nahi zuen, ikasi… Azken batean, aske bizi nahi zuen, eta horretarako, familiaren, elizaren eta beste hainbaten aurka egin behar izan zuen».
Euskal Herritik ere antzezlana ikustera joan direla nabarmendu du Alegriak. «Ondarroatik, Durangotik, Bilbotik… etorri dira espreski antzezlana ikustera»
Eskaini dituzten emanaldi guztietan nahikoa publiko edukitzea ere ez dela hutsaren hurrengoa dio. «Azken batean, Madrilen eskaintza zabala dago. Eta jendea asteburu pasa edo joaten bada, normalean aurpegi ezagunak, telebistatik ezagutzen dituzten aktoreak agertzen diren obrak ikusteko joera edukitzen du. Beraz, horiekin lehian egon gara, eta hala eta guztiz, hiru astean martitzenetik domekara eskaini ditugu emanaldiak eta publikoa eduki dugu».
Hiru emanalditan, gainera, publikoagaz solasaldiak eduki dituztela dio. «Nahiz eta emanaldi guztietan publikoaren iritzia zelakoa den jakin, solasaldiek erantzun hori hobeto jasotzeko balio dute. Hiru solasaldi horietan jendeak galdera asko egin zizkigun».
Euskal Herritik ere antzezlana ikustera joan direla nabarmendu du Alegriak. «Ondarroatik, Durangotik, Bilbotik… etorri dira espreski antzezlana ikustera».
Izan ere, antzezlana estreinatu eta segituan ailegatu zen pandemia. Gero, antzezlanak egitea baimendu zutenean, mugikortasun neurriak zirela eta, publikoa ezin zen herri batetik bestera aske mugitu. «Beraz, batzuek erabaki dute obra ikustera Madrilera joatea. Horrek ere asko poztu gaitu».
Jaialdiz jaialdi. Uztailaren hasieran Almagroko (Ciudad Real, Espainia) Naziorteko Antzerki Klasikoaren Jaialdian parte hartuko dute. «Jaialdi hori oso garrantzitsua da. Iazko jaialdian parte hartzeko aukeratu gintuzten, baina pandemia dela eta, bertan behera geratu zen. Azkenean, aurtengo jaialdian parte hartuko dugu».
Irailean, ostera, Zaragozako beste jaialdi batean egongo dira. «Gero Euskal Herrian emanaldiak eskaintzen ariko gara, baina Madril inguruan ere hainbat emanaldi ari zaizkigu ateratzen».
Ondarroan antzezlana eskaintzea ere gustatuko litzaiokeela dio Alegriak. «Kontua da antzerkia egiteko prestatutako areto bat behar dela, eta Ondarroan ez daukagu horrelakorik. Azpiegitura horiek beharrezkoak dira antzezlanak herrira ekarri ahal izateko».
Max Sarietarako hautagaien artean dago obra:Joan den astean jakinarazi zutenez, arte eszenikoetako Espainiako Max Sarietarako hautagaien artean dago Ni, munduko txarrena. Sariketak dantzari eta teatroan aritzen diren aktoreen lana aitortzea du helburu. Azken hautagaiak zeintzuk diren oraindik zehaztuta ez badago ere, lehenengo bozketa fasea egin eta gero, Vaiven ekoiztetxearen obrak bi izendapen ditu: Zuzendari Onenarena eta Emakumezko Aktore Onenarena.