Laumono talde mutrikuarrak 'Alkolitxua' kantuaren bideoklipa estreinatu du
Orain bideoklipa estreinatu badute ere, aste gutxi barru aurkeztuko dute hamar kanturekin jantzi duten estudioko hirugarren lana.
Laumono musika talde mutrikuarraren Alkolitxua abestiaren bideoklipa ikusgai dago. Umezurtzak Jupiterren lanaren aurrerapen kantua, hain zuzen, gaur [ekainak 11] eguerdian estreinatu dute. Enekoitz Andonegi taldekideak zuzendu du ikus-entzunezkoa eta Jose Luis Barredok, Markez Suarezek eta Eneko Elezgaraik egin dituzte kameralari lanak; grabaketa Zabiel kultur etxean egin zuten, Aste Santuan.
Orain bideoklipa estreinatu badute ere, hemendik aste gutxi barru aurkeztuko dute hamar kanturekin jantzi duten estudioko hirugarren lana. 2010aren bukaera aldera kaleratu zuten Adrenalinia azken lana, eta hainbeste urteren ondoren zer edo zer berria aurkezteko gogotsu daudela azpimarratu dute Rikar Garagarzak (ahotsa), Iñigo Gorritxategik (baxua), Jon Iturrinok (gitarra) eta Enekoitz Andonegik (bateria).
Azaldu dutenez, ez da taldearen itzulera. “Tarte honetan ez dugu taldearen jarduna eten. Gauzak presarik gabe egitea gustatzen zaigu; hau guztia zaletasun bat da guretzako. Lan berririk kaleratu ez badugu ere, lagun artean entsegatzen jarraitu dugu eta kontzertuak ematen aritu gara han-hemenka. Pandemiaren kontu honekin kantuak entsegatuta genituen, eta materiala bageneukanez beste lan bat kaleratzea erabaki genuen”.