'Postalak mundubiran' ekimenean parte hartu dute Mutrikuko ikasleek
Magallaes-Elkano espedizioaren 500. urteurrenaren harira, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikasleak Txileko ikasleekin harremanetan jarri eta beste kultura batzuk ezagutzea da ekimenaren helburua.
Duela 500 urte Magallaes-Elkano espedizioak lehen aldiz bost kontinenteak lotu eta ozeano Atlantikoa, Barea eta Indiakoa zeharkatu zituen. Orain, 500 urte beranduago, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa Txilerekin lotzeko helburuarekin, bi itsasertzetako haur eta nerabeek 500 postal trukatu dituzte Postalak mundubiran ekimenaren baitan. Eta ekimen horretan parte hartu dute Mutrikuko Goizeko Izarra eta San Miguel ikastoletako ikasleek ere.
Elkano Fundazioko kideek esan dutenez, ikastetxeek “interes handiarekin” parte hartu dute proiektuan. “Maiatzean postalak marrazten aritu dira, eta aste honetan ozeanoaren beste aldera bidali dituzte”. Postaletan Ni eta itsasoa, itsasoa eta zu gaia landu dutela esan dute. “Kulturaniztasuna eta irudia lantzeaz gain, itsas bizitzarekin eta lurraldeari lotutako istorioekin duten harremana partekatu dituzte ikasleek”. Esan dutenez, ekimenari esker duela 500 urte lehen aldiz elkartu ziren bi lurraldeen arteko lotura eguneratu nahi izan dute.
“Ekimenaren bidez itasoari lotutako historia partekatzen duten gazteak elkartu nahi dira, gazte horiek lotura hori dutenik ere jakin ez arren. Gazteek itsasoarekin duten harremanari buruz hausnartzea nahi dugu, baita itsasoarekin lotura duten beste kultura batzuk ezagutzera bultzatu ere”.
Esan dutenez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren eta Txileren arteko elkartrukea “esperientzia pilotua” da. Mutrikuarrekin batera, ondoko herrietako ikastetxeek ere parte hartu dute: Getariako Iturzaeta Eskola Publikoa, Orioko Zaragueta Eskola Publikoa eta Bermeoko Sagrado Corazon, Eleizalde Ikastola eta San Frantzisko. Horiek guztiek Magallaes eta Txileko Antartika eskualdeko (espedizioaren ibilbidetik gertu dagoen eremu geografikoa) beste zazpi ikastetxerekin elkartrukatu dituzte postalak.
Proiektua amaitutakoan, 500 postalak liburu digital batean bilduko dituztela esan dute. “Liburu hori libreki erabiltzea nahi dugu, bai ikastetxeetan eta baita ere herritar guztiek”.