Markina-Xemein, Bizkaiko Herriarteko Esku Pilota Txapelketaren finalean
Joanekoan moduan, 2-1 irabazi zion Zeanuriri etxean jokatutako itzuliko partida. Lezama izango dute aurkari finalean.
Beste behin ere Bizkaiko Herriarteko Txapelketaren finalerako txartela lortu du Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeak. Joanekoan moduan, 2-1 irabazi zioten atzo [ekainak 13] goizean Zeanuriri Uni pilotalekuan jokatu zuten itzuliko partida. Lezama izango dute aurkari finalean, Munitibarri finalaurrekoa 2-1 irabazi ondoren.
Aukera asko zituen Markina-Xemeingo taldeak finalean egoteko, eta aukerak ondo aprobetxatzen jakin zuten. Tantoekin abantaila izan arren, ez zituzten behar izan; kadete eta nagusien garaipenekin egin dute aurrera lehian: 22-7 nagusitu ziren Egurrola eta Calvo kadete mailan eta 22-12 irabazi zuten Agirreamalloak eta Ibarloza I.k nagusien mailan. Gazteetan, ostera, Zeanuriko bikotea Ibarloza eta Egurrola I baino gehiago izan zen.
Markina-Xemeingo taldeak lehiakide gogorra izango du finalean. Pello Urionabarrenetxea Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeko arduradunak azaldu duenez, kadete oso onak ditu Lezamak, eta nagusiak ere bai. Beraz, gazteen mailan irabazteko ahalegina egin beharko dela azpimarratu du. “Guk kadete gazteak ditugu, aurkariak izango dira pare bat urte zaharrago. Hala ere, gogor lehiatuko dugu”.
Orain dela 22 urte ailegatu zen lehenengoz Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldea Bizkaiko Herriarteko Txapelketaren finalera, eta, orduan ere, Lezama izan zuen aurkari. Handik 10 bat urtera lortu zuen berriro ere finalerako pasea, baina, batez ere azken hamar urtetan, hainbat finaletan egotea lortu dute. Oraingoan ere “pozik” daudela aitortu du Urionabarrenetxeak. “Ostera ere ilusioa egiten du heltzeak. Txapelketa asko egoten dira urtean, baina halakorik bat ere ez, dudarik barik, hau denek nahi dute irabazi”.
Kanpoan. Munitibarrek ez zeukan erraz finalean egoteko, hala ere ahalegin guztiak jarri zituzten horretan. Kadeteen mailan 22-8 galdu eta 22-3 irabazi zuten gazte mailan, eta nagusien mailan 22-13 geratu zen markagailua Lezamaren alde.
Markina-Xemein eta Lezamaren arteko finala domekan [ekainak 20] jokatuko da Bilboko Miribillan, 10:30ean.