Amandarriko Mikel Arrasate bosgarrena izan da Portugaleteko Youth mailako proban
Elite mailan azkarrenak Yaiza Saiz eta Diego Mentrida izan ziren. Luarcako (Asturias) esprint triatloian bigarren egin du Amandarriko Haritz Garatek.

Portugaleten lehiatu da asteburuan Espainiako Esprint distantziako txapelketarako bigarren eta azkenĀ triatloia, eta bertan egon dira Lea-Artibaiko triatletak ere. Lekeitioko Amandarri taldeko bost gaztek parte hartu zuten, esaterako, norgehiagokan, eta Mikel Arrasatek 5. postua eskuratu zuen gizonezkoen Youth kategorian (00.22,28).
Izan ere, egun berean ospatu ziren Youth eta Junior mailetarako nazioarteko proba ezberdinetarako sailkatzeko baliagarriak ziren probak, eta guztira, 400 triatleta bildu ziren datorren urtean 2022ko Europako Akuatloi Txapelketa ospatuko den tokian.
Elite mailan azkarrenak Yaiza Saiz eta Diego Mentrida izan ziren. Bigarren postuan helmugaratu ziren Claudia Perez eta Fernando Zorrilla, eta podiumaren hirugarren koska Sara Alemanyk eta Fynn Batkinek igo zuten.
Amandarrikoez gain, Garraitz Kirol Taldeko Estefania Castrok eta Ondarroako Koaxi Triatloi Taldeko Elixabet Ibazetak, Arantza Burgoak eta Ines Egigurenek ere parte hartu zuten norgehiagokan.
Bestalde, Amandarri taldeko Haritz Garatek Luarcako (Asturias) esprint triatloian parte hartu zuen, eta bigarren postua eskuratu zuen sailkapen orokorrean.

Haritz Garate, Luarcan bigarren postua eskuratuta. Argazkia: Amandarri
Emaitza onak lortzen ari dira Amandarriko kirolariak, eta taldea “pozik” eta “indarragaz” dagoela esan dute: “Aurretik dauden probak prestatzeko ilusioz”.