Amorotoko udal aldizkariaren lehenengo alea kaleratu dute

Amorotok ere badauka bere udal aldizkaria. Lehen zenbakia argitaratu dute eta, beraz, herritarrek euren udalerriko informazioa esku-eskura daukate. Oraingoz, behintzat urtean bi zenbaki kaleratzea erabaki dutela esan dute.
Ibon Gabiola Idoiagabeitia Amorotoko alkatearen hitzetan, tresna berri bat ipini nahi izan dute herritar denen esku, udaleko informazioa “modu garbi eta ordenatuan” denengana ailegatu dadin. “Gainera, pandemiak eten egin digu herri-batzarrak egiteko dinamika ere, eta aldiro informazioa zabaltzeko premia ikusten genuen”.
Udal aldizkariaren lehenengo alean alkatea elkarrizketatu dute, eta hainbat gairi buruzko azalpenak ematen ditu. Agintaldi erdia beteta zer nolako balorazioa egiten duen, frontoia handitzearen proiektua zelan dagoen, udal aurrekontuak, pandemiak zelan eragin duen udalaren egunerokotasunean eta HAPO diseinatzeko prozesuaren hasierari buruz berba egin du. Hain zuzen, gai horiei buruzko albisteak bildu dituzte aldizkarian.
Beste gai batzuen artean, 2021eko udal aurrekontuagaz ze inbertsio egingo dituzten jaso dute. Auzo taxi zerbitzua ere martxan dagoela gogorarazi diete amorotarrei, eta berau erabiltzeko baldintzak ere zehaztu dituzte. Amorotoko Jaiak aurten ere ospatu ezin dituzten arren, uztailaren 2tik 4ra hiru kultur ekitaldi egingo dituztela iragarri dute.