Berriatuko Udalak bertoko basoak berreskuratzearen alde egin du
Eukaliptoari mugak jarri eta haren landaketa eteteko konpromisoa hartu dute udal ordezkariek. «Herriko baso politikaren inguruko gogoeta partekatua bultzatuko dugu»

Berriatuko Udalak dio zientziak frogatu duela eukalipto landaketek ibai eta basoetako «ingurumen balioak kaltetzen» dituela. Hala, mendi publikoetan «baso kudeaketa iraunkorrago» baten alde egiteko hartutako konpromisoari jarraituz, jarduera eredugarriak bultzatu eta eukaliptoen azalera murrizteko eta bertako baso anitzak sustatzeko mozioa onartu du.
EH Bilduren iritziz, «krisi sistemikotik» ateratzeko ekonomia ekologikoaren alde egin eta ingurumen irizpideak agenda politikoaren lehentasunen artean jarri behar direla. «Eragile askok nabarmendu dute ezin une egokiagoa dela gogoeta sakon bat egiteko eta aurrera begirako baso politikari buruzko eztabaida bultzatzeko». Gaineratu dute ondare naturalaren suntsiketa eta biodibertsitatearen galera eragiten ari dela. «Pandemia honek, beste alor askotan bezala, gai honetan ere gure gabeziak ikusarazi eta nabarmentzea ekarri du. Ez dezagun sustatu etorkizun hurbil batean damutuaraziko gaituen praktika forestalik». Ildo beretik, ubideak ezagutu eta lurraldearen antolaketa eta erabilera iraunkorra bultzatu dituzte. «Gainera, URA agentziagaz elkarlanean, herriko erreken egoera ere aztertuko dugu Natura 2000 sarean babestutako errekak eta erreka ertzetako landarediaren egoera hobetzeko eta eukaliptoen eta basogintzaren eragina murrizteko».
«Inpaktua murrizteko». Baso jabe pribatuekin elkarlanerako pausoak emango dituzte. «Basogintzaren inpaktua murrizteko baso lanak sustatzen jarraitu eta balio ekologiko eta hidriko altuko lurrak identifikatu eta ahal den heinean horiek erosteko plangintza bat burutuko dugu».
Herriko baso politikari buruzko gogoeta partekatua bultzatuko dute, «ahalik-eta kontsentsu handiena lortzeko». Horretarako, informazioa zabaltzeko eta ingurumen boluntariotzarako ekimenak egitea aztertzeko konpromisoa hartu dute.
Mozioa onartuta, Baso Biziak plataformako kideek asteburuan egindako agerraldian esandakoak babestu dituzte.