Doako kirol jarduerak eskainiko dituzte Ondarroako hondartzan
Uztailean eta abuztuan fit balance, fit tone eta pilates ikastaroak emango dituzte. Izen ematea zabalik dago.
Ondarroako Udalak eta Zaldupe udal kiroldegiak elkarlanean antolatuta, aurten ere aire zabaleko kirol eta aisia osasungarriko doako jarduerak eskainiko dituzte Arrigorri hondartzan. Uztailean eta abuztuan fit balance, fit tone eta pilates ikastaroak emango dituzte adin eta egoera fisiko guztietako herritarrei zuzenduta.
Eskolak astelehenetik eguenera emango dituzte, 09:30etik 10:30era. Zehaztu dutenez barikuetan eta euria ari duen egunetan ez dute ikastarorik emango ezta Andra Mari jaietako astean ere. “Abuztuaren 16tik 19ra ez da jarduerarik egingo”. Egunero saio bat egingo dute: astelehenetan fit balance eta eguaztenetan fit tone eskolak emango dituzte, eta martitzenetan eta eguenetan, berriz, pilatesekoak. Gogorarazi dutenez saioetan parte hartzeko materiala (toalla, estera, pisuak) norberak berea eraman beharko du.
“Segurtasun neurriak bermatu” aldera, saioak egingo diren hondartzako eremua mugatu egingo dutela iragarri dute. Hori dela eta, saio bakoitzeko, gehienez, 25 pertsonentzako muga ezarri dute. “Lekuak mugatuak direnez, ikastaroaren gehienezko kopurua bete arte izena eman daiteke”. Izen ematea zabalik dago. Ikastaroren batean parte hartu nahi dutenek kiroldegia.harrera@ondarroa.eus posta elektronikora udalaren webgunean eskegita dagoen izen emate orria beteta bidali beharko dute. Bestela, Zaldupe udal kiroldegiko 94-613 42 09 telefono zenbakira deituta ere izena eman daiteke.