Hiru hilabetean 1.060 kilo kafe kapsula jaso dituzte Debabarrenan

Azken urteetan kafe kapsulen erabilera gehitu egin dela eta, Debabarreneko Mankomunitateak martxoan egokitu egin zituen eskualdeko herriguneetan kokatuta dauden garbigune txikiak. Ordutik, herritarrek gune horietan bota ahal dituzte kapsulak. Esan dutenez, martxotik ekainera bitartean 1.060 kilo kafe kapsula batu dituzte: aluminiozko 560 kilo kapsula eta plastikozko 500 kilo.
Zehaztu dute eskualdeko 12 garbigune txiki egokitu zituzten. “Plastikozko eta aluminiozko kapsulak konpartimendu desberdinetan utzi ahal izateko egin ziren egokitzapenak”.
Mankomunitateko ordezkariek herritarrei kafe kapsulak garbigune txikietara botatzeko eskatu diete. “Lehen birziklatu ezin genituen hondakinak birziklatzeko aukera daukagu orain”.