Luis Baraiazarra karmeldarrak Joan Gurutzekoren obra guztia euskaratu du
Atzo [ekainak 14] aurkeztu zuten lana, Euskaltzaindiaren egoitzan. Baraiazarraren itzulpena oinarri hartuta, Gontzal Mendibil musikariak sortutako kantuak ere aurkeztu zituzten: 'Neugan bizi gabe biziz'.

Teresa Liseieuxkoaren eta Teresa Avilakoaren idazlan guztiak argitaratuta, euskal letretan Joan Gurutzekoren hutsunea zegoela-eta haren idazlan guztiak euskaratu ditu Luis Baraiazarra Txertudi Markina-Xemeingo karmeldarrak. Atzo [ekainak 14] aurkeztu zuten lana, Euskaltzaindiaren egoitzan. Baraiazarraren itzulpena oinarri hartuta, Gontzal Mendibil musikariak sortutako kantuak ere aurkeztu zituzten: Neugan bizi gabe biziz.
Baraiazarrak adierazi duenez, “min ematen zien eta dei egiten barruan” euskal letretan Joan Gurutzekoren hutsunea egoteak. “Ez al gara gauza izango mistiko eta poeta handi honen oihanean barneratzeko?”, pentsatzen zutela dio. Eta, beraz, “halako zamak norbere gain hartzea ez duela merezi” edota “literatura klasikoa hizkuntza originalean irakurri behar dela” dioten topikoak atzean uzten saiatu zen, “bere errepikapen, ilungune eta guzti” Joan Gurutzekoren obra osoa dela garrantzitsua gogoratuz. “Euskaldun espiritual eta irakurle prestuari ez diogu zertan hori ukatu, mahaipera erortzen diren haren doktrinaren ogi birrinak eta poesiaren gozoki bakanak eskainiz”.
Baraiazarraren ustez, gako nagusia euskarari egiten zaion ekarpena da: “Barne munduaz, psikologiaz, barruan gertatzen denaz, Jainko maitasunaz, azken baten giza maitasunaz, inork ez du hark bezain ongi, gozo eta dotore idatzi. Hori guztiori euskarara ekartzea ezin ederragoa litzateke. Barne altxor horren bila saiatu gara gure indarrez eta argiz eta Espiritu Santuari eskatuz, bila genbiltzan altxorra oso preziatua baitzen”.

Joan Gurutzekoren idazlan guztien liburuaren aurkezpen ekitaldia. Gontzal Mendibil abesten eta Luiz Baraiazarra eserita. Argazkia: Euskaltzaindia
Itzulpen soila baino gehiago egin du Baraiazarrak. “Itzulpena esaten dugu, hitz bakar batez eta nolabait adieraztearren, baina itzulpen soila baino gehiago eskatzen zaigu: San Joan Gurutzeko euskalduntzea, gurera ekartzea, erdal urak euskal ur bihurturik gure uharkara eta gure moldeetara bideratzea”. Eta poesien itzulpenari dagokionez ere, ekarpen berezia egin nahi izan dio euskarari. Horrela, poesia guztien bertsio berri-berria, originaleko metrika bera eta bertso lerroen konbinazio berberak erabili ditu. “Esaterako haren poema nagusiak lira izeneko metrika moldean eginak daude, eta euskarara ere metrika molde berean itzuli ditugu eta konbinazioak ere originalean datozen bezala ematen ditugu”.
Jakitera eman duenez, kantua da Sanjoandar poesiaren elementu garrantzitsu bat, eta Joan Gurutzekoren poesiak, bera bizi zela ere kantatzen ziren: “Nobizioek Gau Ilunaren poema kantatzen zuteneko lekukotasunak ditugu, eta oraindik interesgarriago dena, Santa Teresak berak pozik entzuten zituela eta mojekin batera esku hartzen zuela Santuaren poesiak kantatzen”.