"Osasun arreta herrian bertan jasotzea eskatzen dugu; eskubidez dagokiguna eskatzen jarraituko dugu"
Mediku zerbitzua euren herrietan jasotzen jarraitzea eskubide bat dela aldarrikatu dute berriro ere Amoroton eta Mendexan. Lehenengo osasun arreta barik hilabete daudela azpimarratu dute.

Mobilizazioekin jarraitzen dute Amoroton eta Mendexan, eta horrela jarraituko dute dagokiena berreskuratu arte. Talde argazkiak ateratzeko elkartu ziren bi udalerriotan domeka [ekainak 13] eguerdian. “Herri txikiotako biztanleok ez gara bigarren kategoriako herritarrak, eta osasun arreta herrian bertan jasotzea eskatzen dugu. Eskubidez dagokiguna eskatzen jarraituko dugu, indarrak batuta, lortu arte”, adierazi zuten Amoroton.
Osasun zerbitzu hori herrian jaso barik hilabete bat daude, eta gogoratu dute familia-medikua dela herritarrei lehenengo osasun arreta ematen diena, bera izaten da erreferentziazko medikua. Bakoitzean mediku batek arreta ematea “gehienetan telefonoz, eta bestela herritik kanpo, arazo handi bat” dela diote. 40 urte inguruan herriotan mediku zerbitzua eduki ondoren, “hori galtzea onartu ezin duten atzerapauso itzela” dela azpimarratu dute.