Alain Lersundi: "Antzezlana nire bizipenetan oinarritzen bada ere, fikzioz zipriztinduta dago"
‘Nire zigilua. Nerabe baten aurkako botere estrukturala’ ikasketa amaierako tesia aurkeztu berri du ondarrutarrak Dantzertiko epaimahaiaren eta publiko oso murriztu baten aurrean.
Zenbat denbora egin duzu tesia prestatzen?
Ia ikasturte guztian egon naiz hau guztia prestatzen. Hasiera batean noraezean ibili nintzen, baina Oscar Galan tutoreak bideratzen lagundu ostean, autofikziozko lan bat egitea erabaki nuen. Antzezlana nire bizipenetan oinarritzen bada ere, fikzioz zipriztinduta dago. Indibiduala izan zen gertaera bat unibertsal bihurtu nahi izan dut, publiko bati eskainita.
Lan honegaz, zer nahi diozu transmititu epaimahaiari?
Bost urteko ibilbide honen azken emaitza da hau guztia, eta epaimahaiak ikuskizun honegaz benetan gozatzea nahi dut; lana ez dut nahi azterketa soil bat modura ikustea, baizik eta ikuskizun bat modura sumatzea.
Emaitzaren berri noiz emango dizue?
Datorren astean lan teorikoa defendatzea tokatuko zait, eta horren ostean emaitza emango didatela uste dut.
Teoriari dagokionez, zertan oinarritu zara?
Genero binarismoak eta sexu/genero dikotomiak sortzen duten botere estrukturala agerian jartzen ditu lanak. Hori dela eta, genero eta genero binarismoaren aurkako ikuspegia landu duten teorikoen erreferentzia asko jaso ditut. Horrez gain, antzerki munduko autoreen erreferentziak ere sartu ditut.
“Lana gordeta uztea ez da buruan daukadan aukeretako bat”
Eta lanak, ze gai ikutzen du?
Genero ikuspegia ikutzen du. Batez ere, homosexualitateari egiten diot erreferentzia, baina lana marko teorikoan kokatzerako orduan konturatu nintzen ez nengoela bakarrik homosexualitatea aldarrikatzen, baizik eta genero binarioak sortzen duen gatazka soziala. Testuinguru horretan kokatzen da ondarrutar modura Ekai Lersundiri egin diodan aipamen berezia ere; lana honegaz nolabaiteko eskaintza bat egin nahi izan diot.
Zelakoa da norbere bizipenetan oinarritutako antzezlan bat taularatzea?
Fikzionatuta badago ere, antzezlanak norbere esperientziatik edaten du, eta zentzu horretan, biluztu egin naizela esan daiteke. Gaiari ekarpenen bat egin nahi izan diot eta, horretarako, nire bizipenetan oinarritu naiz. Gaztetan bizi izan nituen bakardade eta isolamendu sentimendu horiek zabaltuta, egoera berean dagoen norbait ez dagoela bakarrik sentiaraztea nahi izan dut.
Antzezlana interpretatu ez ezik, zeuk zuzendu duzu.
Bi arlo horietaz neu arduratu naiz, baina alboan asko lagundu nauen talde ederra eduki dut. Antzeztu eta norbere burua zuzentzea ia ezinezkoa da, ez daukazulako kanpoko ikuspegi hori; eta lan guztia aurrera ateratzeko behar-beharrezkoa izan da lantalde horren laguntza.
Portuko Ranpan egin duzu lanaren aurkezpena. Zerbait bereziagatik?
Koronabirusa dela eta, Dantzertiko espazio asko ezin dira erabili. Horrek sortzeko espazio berrien bila eraman nau. Artaka oso eskuragarri eduki dut, eta Portuko Ranpik ere hau egiteko aukera eskaini ostean, honetarako toki egokia zela iruditu zitzaidan. Antzezlanean agertzen den nerabe protagonista horren istoria Ondarroan kokatu zen, eta lana herrian aurkeztuta, zer edo zelan zikloa itxi dudala esan dezaket.
Lana etorkizunean beste nonbaiten aurkezteko asmoa daukazu?
Lan asko egin dut, eta ondo funtzionatzen duela uste dut. Azterketara aurkeztu ostean ez dut nahi betirako gordeta geratzea; zabaldu behar den gauza bat dela iruditzen zait. BBK Off Festival delakoa antolatu dute Bilbon, eta lana bertara bidali dut. Aurrera begira ez dakit zer ibilbide edukiko duen, baina gordeta uztea ez da buruan daukadan aukeretako bat.