Bideometria kamera berri bat ipini dute Mutrikun, hondartzako aforoa kontrolatzeko
2021. urteko hondartza denboraldia irailaren 15era arte luzatuko da. Gipuzkoako gainerako hondartzetan modura, Mutrikuko hiru hondartzetan (portuko hondartza, Saturraran eta Ondarbeltz) ere edukiera kontrolatuko dute.
Gipuzkoan hondartzen uda denboraldia martitzenean [ekainak 15] inauguratu zuten Mutrikuko portuko hondartzan. Bigarren urtez, COVID-19aren eraginez hartutako neurriek baldintzatutako denboraldia izango da. Gipuzkoako kostako gainerako hondartzetan modura, edukiera kontrolatuko dute aurten ere udalerriko hondartzetan. Aforoen kontrol hori, iaz egin modura, bideometria kameren bidez egingo dute. Lan hori egiteko, gainera, beste kamara bat ipini dute Mutrikun; Gipuzkoako kostaldeko foru bideometria sareak portuko hondartzan jarri du kamera.
Hondartzen edukiera mugatuta egongo denez, Nik Hondartzak aplikazioaren bidez zehaztuko dute. Aplikazioa, iaz modura, 15 minutuan behin eguneratuko da, eta hareatza bakoitzaren okupazioari buruzko informazioa denbora errealean eman eta hondartza bakoitzean dagoen erabilera azalerari buruzko informazioa emango du. “Mapa interaktiboa eskainiko du, kolore desberdinetako ikonoekin, hareatza bakoitzaren okupazioaren arabera”.
COVID-19aren hedapena ahalik eta gehien saihesteko eta garbiketa bermatzeko, bestalde, pedal bidezko eragingailu sistema duten zakarrontziak ipiniko dituzte, “gainazalak ukitzearen arriskua saihesteko”. Hondartzak modu iraunkorrean kudeatzeko politikari jarraituz, gainera, beirarentzako bosgarren paperontzi ere jarriko dute. Hondartza inguruetan, berriz, edukiontziak jarriko dituzte.