Mutrikuko Danok Bat, Gipuzkoako Herriartekoaren zazpigarren txapelaren bila
Gipuzkoako Herriarteko Zesta-Punta Txapelketaren finala domekan [ekainak 20] jokatuko dute; Zumaiaren aurka neurtu beharko dituzte indarrak.
Gipuzkoako Herriarteko Zesta-Punta Txapelketaren finalerako txartela eskuratu dute Mutrikuko Danok Bat Pelotazale Elkarteko puntistek. Finala domekan [ekainak 20] jokatuko dute Zumaiako Aitzuri pilotalekuan. 11:00etan hasiko den norgehiagokan Zumaia izango dute aurrez aurre. Mutrikuarrek 2019an irabazi zuten Gipuzkoako azken txapela (2020an ez zen txapelketarik jokatu), eta titulua zazpigarrenez bereganatzeko nahia agertu dute; jokoan egongo diren hiru puntutik gutxienez bi lortu beharko dituzte.
Kadeteek jokatuko dute finaleko lehen partida. Unax Zubizarreta eta Manex Ansola Mutrikuren aldeko lehen puntua lortzen ahaleginduko dira. Horien atzetik, gazteen mailako partida jokatuko da. Zumaiaren aurkako partidan EƱaut Urreistik eta Alain Basterretxeak ordezkatuko dituzte mutrikuarrak. Azkenik, nagusien mailako finala jokatuko da. Jon Iparragirre eta Mikel Manzisidor bikote zumaiarra mendean hartzen ahaleginduko dira.
Danok Batekoen asmoa txapela Mutrikura ekartzea da, baina Zumaiak bikote oso lehiakorrak dituela esan dute; haiei irabaztea ez dela erraza izango azpimarratu dute. Finala irabazteko giltza gazte mailan egongo dela uste dute. “Kantxan dena eman eta irabazteko ahalegina egingo dugu, baina Zumaiarren hiru bikoteak oso sendoak eta lehiakorrak dira. Gure hiru bikoteak ere onak dira, baina nagusietan, esaterako, ez dugu aurrelaririk; biak atzelariak dira. Kadeteetako gure bikotea ere Gipuzkoako txapelduna da, baina aurkariak ere oso gogorrak dira”.
Danok Bat, aurtengoarekin, hamargarrenez ailegatu da finalera. 2011tik hamar final jarraian jokatu dituzte eta tarte horretan sei aldiz irabazi dute txapelketa: 2013an, 2014an, 2015ean, 2016an, 2017an eta 2019an. 2011n, 2012an eta 2018an, berriz, bigarren postua eskuratu zuten.