Mutrikuko TAO sistema berria barikuan, ekainak 18, sartuko da indarrean
Aparkaleku mugatuen sistema irailaren 15era arte egongo da indarrean. Lau gune gaitu dituzte, tarifa eta erregulazio desberdinekin; gune horiez gain egoiliarrentzako espazioak gorde dituzte.
Izatez ekainaren 1ean indarrean sartu behar bazen ere, azkenean barikuan [ekainak 18] sartuko da indarrean Mutrikun TAO sistema berria; irailaren 15era arte egongo da indarrean. Lau gune gaitu dituzte, tarifa eta erregulazio desberdinekin. Espazioak honako eran banatu dituzte: gune urdina (Saturraran, Burumendi, Arbe, Ipitxarri eta Ondarbeltz), iraupen luzeko gune berdea (Alkolea ekialdean), txandakatze handiko gune gorria (Goiko Plazan, komentu aurrean eta Tamayo tabernaren parean) eta autokarabanentzako egokitutako gunea.
Lau gune horiez gain egoiliarrentzako espazioak gorde dituzte. Leku horiek B hizkiarekin identifikatuko dira. Eremu horretan bertakoen txartela duten ibilgailuek, ezintasunen bat duten pertsonentzako Europako Aparkatzeko Txartela duten ibilgailuek eta lanean ari diren profesionalen ibilgailuek aparkatu ahal izango dute bakarrik. Indarrean dagoen urteko Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zerga Mutrikun ordainduta duten ibilgailu guztiei Bertakoak TAO txartela bidali diete eta horri esker edozein gunetan doan aparkatu ahalko dute. Baldintza hori betetzen ez duten batzuek ere txartel hori lortzeko aukera izango dute, 60 euroko tarifa ordainduta.
[Ikusi HEMEN TAO sistemaren mapa eta xehetasunak]
Gune urdinean, berdean eta gorrian 09:00etatik 19:00etara egongo da martxan erregulazioa. Ordutegi hortatik kanpo doan aparkatu ahal izango da. Gune urdinean, egoiliarrak ez direnek gehienez bost orduz aparkatu ahal izango dute, aurretiaz dagokiona ordainduta. Gune berdean goizeko, arratsaldeko edo egun osoko salneurriaren artean aukeratu ahal izango da. Autokarabanentzako gunean, berriz, gehienez ere 24 orduz aparkatu ahal izango da eta ibilgailu arruntek ezingo dute bertan aparkatu.
Gune gorrian, gehienez, ordutebete aparkatu ahal izango da astelehenetik barikura 09:00etatik 19:00etara eta zapatuetan, 09:00etatik 14:00etara. Goiko Plazan, aldiz, ohiko ordutegian aparkatu ahal izango da; 12:00ak arte. Udal iturriek gogorarazi dutenez, gune gorrian aparkatuko nahi duten bertakoen txartela duten herritarrek ere tiketa atera beharko dute nahitaez makinan, denbora “kontrolatu” ahal izateko. “Horien tiketa doakoa izango da”.