Nora Garmendia Vidal: "Bilduma honetan nire alde asko ezagutuko ditu irakurleak"
Ondarrutarra duela sei urte hasi zen olerkiak idazten eta orain amodiozko lehen olerki bilduma kaleratu du: 'Imbecilidad transitoria. Poemario: poetas del confinamiento 20’.
Imbecilidad transitoria. Poemario: poetas del confinamiento 20 olerki bildumari nondik datorkio izenburua?
Poetak betidanik garaiaren arabera sailkatu izan dituzte, eta nik, horretara aurreratu eta 2020ko itxialdiko belaunaldi bat izendatu nahi izan dut. Izenburuari dagokionez, Jose Ortega y Gasset filosofoak maitemintzeari deitzeko erabiltzen zuen izena zen «inozokeria iragankorra». Nire aitak erabiltzen duen berbetako bat da, eta hortik datorkio liburuari izenburua ere.
Izenburua ikusita, lanak itxialdiagaz badu zerikusirik?
Etxeko lau hormen artean harrapatuta sentitzen nintzen, eta denbora luzez maiteminduta nengoen horri idazten hasi nintzen. Pertsona hori ezin nuen egunero ikusi, eta beragaz komunikatzeko tresna bat izan dira olerki hauek.
Olerkiak eskaini dizkiozun horrek badaki berari zuzenduta daudela?
Pertsona hori horren jakitun da, horren berri eduki behar zuela argi nuen. Begi bistakoa zen gauza bat izan da, eta nik uste aurretik ere zerbait sumatu zezakeela.
Eta itxialdirik egon ez balitz, lan hori posible zatekeen?
Lan hau idatzi ez banu, beste zerbait sortuko nukeela uste dut. Ezbairik gabe, esku artean daukadan lan hau ez litzateke izango, baina idaztea asko gustatzen zaidan gauza bat denez, beste zerbaiti buruz idatziko nukeen.
Olerkiak zer gairi buruzkoak dira?
Amodiozko poesia bilduma bat da. Emakume bat beste bategaz maitemintzen da, eta gai hori naturaltasunez jorratu nahi izan dut. Norak maite duen horri idazten dizkion poesiak dira. Azkenean maite nuen horregaz komunikatzeko era bat izan zen, eta, aldi berean, neure burua husteko ere balio izan zidan.
Barrua askatzeko ariketa bat izan da zuretzat orduan…
Olerki bilduma hau nire barnea husteko ariketa ona izan da. Aldi berean, sentitzen nuen guztia komunikatzeko ere balio izan dit. Nire burua momentu guztian gauza berriak asmatzen dabil, eta idazteak barruan dudan intentsitate hori guztia kanporatzen laguntzen dit. Poesiak, gainera, hausnartzeko ere balio dit. Idazten dudanak norbera nola dagoen, zer dagoen sentitzen… konturatzeko balio izan dit. Azkenean, nik zer sentitzen dudan hori kanpoko begirada bategaz ikusi, eta gaiari buelta pare bat emateko aukera ematen dit olerkigintzak.
Nora idazleak eta zuk zeuk badaukazue parekotasunik?
Bilduma honetan nire alde asko ezagutuko ditu irakurleak. Nik beti esan ohi dut liburu ireki bat modukoa naizela, eta lan honetan argi eta garbi geratzen da hori. Lana zer edo zelan deskribatu beharko banu, neu moduan oso bizia dela esango nuke. Oso pertsona sentikorra naiz, eta dena oso era bizian bizi dut. Bi Nora daude, eta bi alde horiek ere agerian geratzen dira: Nora Bicho bola eta Super Nora. Maiteminduta dagoen pertsona horrek deitzen dionean mundua jateko eta edozer egiteko prest esnatzen da Super Nora, baina, aldi berean, gustatzen ez zaion zerbait jasotzen duenean txiki-txiki egiten da Nora Bicho bola.
Olerkiek badute inolako berezitasunik?
Nire olerkiei izena ipintzeko ohitura daukat, baina bilduma honetan jasotako 73 olerkiei nahiago izan dut izenik ez jartzea. Bat bestearengandik bereizteko zenbaki bat jarri diet. Poema desberdinak izan arren, sekuentzia bat jarraitzen dutela argi utzi nahiko nieke irakurleei. Lanak eguneroko baten kutsua duela esango nuke, eta sekuentzia hori jarraituz gero, nire gorabehera guztiak ikusiko dituzte.
“Hamabosgarren olerkia oso berezia da niretzat. Oso neurea dela iruditzen zait. Egunerokotasunean esango ez nituzkeen gauzak esaten ditut”
Ilustrazioekin lagunduta datoz poemak. Zerbait bereziagatik?
Nerea Urresti Gandiaga nire kuadrillakoak egin ditu ilustrazioak. Oso era minimalista batean marrazten du, eta uste dut idatzitakoagaz oso ondo datozen ilustrazioak direla; barruraino ailegatzen diren mezu zuzen bat daukate. Nik barnean daukadan intentsitate hori guztiori islatzen dutela esango nuke.
Poema horien artean badago zuretzat berezia denik?
Hamabosgarren olerkia oso berezia da niretzat. Aurreko domekan liburua Durangon aurkeztu nuenean berau irakurri nuen, eta, esanahi berezia du niretzat. Oso neurea dela iruditzen zait. Egunerokotasunean esango ez nituzkeen gauzak esaten ditut. Maitasuna ez dut sekula lau haizetara azaleratu, eta olerkiak hori guztia adierazteko tresna ezin hobea izan dira. Lau hau, egia esan, erabat askatzailea izan da. Askotan kanpokoek zer esango zutenagatik sentitzen nituen gauza asko gorde izan ditut, baina orain dagokion naturaltasunagaz jorratu dut gaia. Neu izateak erabat askatu nau.
Idatzita zenuen hori kaleratzeko idea nondik etorri zen?
Lagun batek bi liburu kaleratu ditu, eta idatzita nuen hori argitaratzera animatu ninduen. Sasoi hartan ikasten nengoen. Oso zorrotza zen karrera bat egiten nengoen, eta, egia esan, ez nuen lana argiratu aurretik egin behar den lana egiteko nahikoa denborarik. Urtarrilean, karrera utzi nuenean, lana argitaletxe batera bidali eta zerbait polita argitaratzen saiatu nintzen. Idazle hasiberriontzako lan bat argitaratzea oso zaila dela jakinda eta lagunaren gomendioa jarraituta, ACEN argitaletxera jo nuen. Argitaletxe horretan, hain zuzen, idazle hasiberriei laguntzen diete. Bilduma bidali nuenean erabakia hartzeko denbora beharko zutela esan zidaten, eta erantzunik jasotzen ez nuela ikusita, eurekin jarri nintzen harremanetan. Handik bi egunera erantzun zidaten, aurrera gindoazela esanez. Kontratua sinatu nuenean sei hileko epea aipatu zidaten, eta lana irailean edo urrian kaleratuko zela pentsatzen banuen ere, maiatzaren erdian inprentara bidaliko zutela esan zidaten.
Liburua non erosi daiteke?
Errazena niregana etorri eta niri eskatzea da. Ale batzuk ditut etxean, eta gehiago eskatzeko aukera ere badaukat. ACEN argitaletxearen webgunean bitartez eta liburuak Internet bidez saltzen dituzten hainbat plataformetan ere eskuratu daiteke lana. Oraingoz, Amazonen dago eskuragarri, eta hemendik aste bat edo bira La casa del libro, El Corte Ingles eta Fnac guztietan eskuratzeko aukera ere egongo da.
Etorkizunera begira, zer asmo daukazu?
Geldik egon ezin diren horietakoa naizenez, material asko daukat pilatuta. Bilduma honi jarraipena emango dion bigarren liburu bat argitaratzeko ideia darabilt buruan; eta, egia esan, bigarren liburu hori izango dena ere ia idatzita daukat. Bestelako kontu batzuk ere baditut buruan, baina nire asmoa lehenengo nire lehen lan honegaz gozatzea da. Gero etorriko dira etorri beharrekoak.