Plaiko Zubiari azken probak egiten hasi dira, Ondarroara ekarri aurretik
Probak metalezko egitura zaharberritu duen Asturiasko lantegi espezializatuan ari dira egiten. Aurreikuspenak betetzen badira, uztailean hasiko dira jatorrizko lekuan ipintzen.
Zubiaren zaharberritze lanak amaitu ostean, biratzeko mekanismoen funtzionamendu probak eta pieza mugikorren geometriaren doikuntza lanak egiten hasita daudela jakitera eman du Bizkaiko Foru Aldundiak. Probak metalezko egitura zaharberritu duen Asturiasko lantegi espezializatuan ari dira egiten, benetako baldintzetan. Horretarako zubiaren bi oinarrien erreprodukzioa egin dute, “benetako baldintzak ahalik eta zehaztasun handienagaz” erreproduzitzeko. “Probek bi beso mugikorren posizioa doitzeko balio dute, zehaztasun milimetrikoagaz egon behar baitute elkargunean”.
Lanak bukatzear daudela, aldundiko arduradunak probak egiten ari diren lantegian egon dira bisitan. Imanol Pradales Azpiegitura diputatuak azaldu duenez, lanen hurrengo urratsa azpiegitura Ondarroan ipintzea izango da. “Plaiko Zubia ikur garrantzitsua da ondarrutar guztientzat eta baita ere bizkaitarrontzat. Bizkaiko Foru Aldundian oso pozik gaude prozesu bat amaitzen ari garelako”.
Bi urteren ostean laster bueltatuko da zubia bere lekura. Aurreikuspenak betetzen badira, uztailean hasiko dira jatorrizko kokapenaren gainean ipintzen. Aurreratu dutenez, zubiaren garraioa ez da lan erraza izango, “egiturak duen tamaina eta pisuagatik”. 23 metro inguru luze eta 14 tonako pisua duten bi piezaz osatuta dago egitura. Ondarroara ailegatzean, lehenik eta behin, zutabeen gainean jarriko dituzte biratzeko mekanismoak eta, horren ostean, zati mugikorrak ipiniko dituzte biratzeko mekanismoaren euskarrien gainean. Instalazioa amaitzeko, barandak eta egurrezko taulak ipini eta ingurua urbanizatu egingo dute.
Bizkaiko Foru Aldundiak ia 1,3 milioi euro (1.296.530 euro) inbertitu ditu korrosioak kaltetutako metalezko egitura zaharberritzen eta zubiko zutabeak birkokatzen: 847.541 euro egitura metalikoa birgaitzeko bideratu dituzte eta 448.989 euro zutabeak birkokatzeko.
2019an ekainean hasi zituzten zubiaren berreskuratze lanak. Eta tarte horretan, altzairuzko piezak artisau tekniken bidez berreskuratu edo erreplikatu dituzte. Era berean, harrizko eta hormigoizko bi zutabeak birkokatu eta birjartzeko lanak ere egin dituzte. “Apurka-apurka eta kontu handiz berreskuratu behar izan dugu zubia, artisau eran. Denbora asko behar izan dugu, baina garrantzitsua zen ikur hori berreskuratzea jatorrian zen modura, eta ez modernizatuz edo beste gauza arraroak eginaz”, gaineratu du diputatuak.
Jatorrian zegoen modura, biratzeko mekanismoa eskuzkoa izango dela aurreratu dute
Zubiaren egitura metalikoa bakoitzak bere erara biratzen duen bi besok osatzen dute. “Jatorrizko piezak altzairuzkoak ziren, eta narriadura egoera handian zeuden korrosioagatik”. Aprobetxatu zitezkeen jatorrizko piezei zurrustaz kendu diete oxidoa eta ondoren, garbitu eta margotu egin dituzte. Berreskuratu ezin izan diren piezak, bestalde, artisau teknika prozedurak erabiliz erreplikatu dituzte. “Jatorrizko egitura modura, erreplikak ere altzairuzkoak dira”.
Aldundiko iturriek iragarri dutenez, zubiaren zutabe bakoitzaren gainean ipiniko diren biratzeko mekanismoak eskuzkoak izango dira. “Kremailera biribil batean oinarritzen dira, eta horien gainean pinoi bat mugitzen da. Zubiaren historian mekanismo hau sistema elektriko eta eskuzkoekin erabili izan da, baina birgaitu ostean, jarritako sistema eskuzkoa izango da, jatorrian zuen sistema, hain zuzen”.
Zubiaren bi zutabeak jatorrizko posiziotik aldenduta zeudela esan dute. Ezkerreko zutabea 40 zentimetro inguru mugituta zegoen eta eskuineko 4 zentimetroko okerdura zuen
Nabarmendu dutenez, birgaitze lanen funtsezko alderdietako bat zubia eusten duten harrizko eta hormigoizko zutabeen gainean jardutea izan da. “Jatorrian, itsasadarraren hondarrezko hondoan finkatzen ziren, lur ezegonkor baten gainean eta Artibai eta itsasaldien ur korronteen mende. Hori dela eta, bi zutabeak jatorrizko posiziotik aldenduta zeuden; ezkerreko zutabea 40 zentimetro inguru mugituta zegoen eta eskumakoak 4 zentimetroko okerdura zuen. Bi fenomenoak ez ziren agertu pasabidea desmuntatu arte, honek tirante lana egiten baitzuen, zutabeak bere tokian mantenduz”.
Zutabeak jatorrizko geometriara eta kokapenera bueltatzeko, mikropiloteen bidez harkaitzezko hondora finkatu dituzte, “beste desplazamendurik edo balantzarik ez egiteko, eta pasabidearen kargak harkaitzezko substratura transmititzeko”. 2020ko azaroan hasi zituzten lan horiek eta maiatzean amaitu zituzten.