Erabiltzeko prest dago Ondarroako kukaña berria
Oraingoan kukañaren goiko aldea margotu dute bakarrik. Egunotan balizak ipiniko dituzte bainurako eremuan eta inguruan ere ezingo da aparkatu.
Ekainaren 10ean lehendik zegoena kendu ostean, gaur [ekainak 23] goizean ekarri dute Astillerura kukaña berria. Garabi baten laguntzagaz ipini dute euren borondatez lanean aritu diren boluntarioek, udal brigadako langileen laguntzagaz. “Egin beharreko lan guztiak gaur amaitzen badituzte, gaurtik egongo da erabilgarri”. Azpiegitura behin-behinekoa da, udarako ipinitakoa, eta 14,60 metroko luzera dauka, maiatzaren 15ean apurtu zenak baino 10 zentimetro gehiago; behin betiko kukaña neguan ipintzea aurreikusten dute.
Ohiko koloreekin margotu dute eukaliptu enborra. Soilik gaineko aldea margotu dute gorriz eta urdinez eta Aurreraren mendeurrenaren bandera ipini diote puntan, herriko taldeari keinu eginez. “Oraingoan enborraren gainea margotu dute bakarrik, behetik ez dute margotu. Enborrak arnasa gehiago hartuko duela eta ura hobeto botako duela iritzita, beheko aldea ez margoztea erabaki dute”.
Egunotan balizak ipiniko dituzte bainurako eremuan eta gunean ere ezingo da aparkatu uda sasoian; oinezkoentzako eremu bihurtu du udalak. Kukañaren erabilera egokia izan dadin ezarritako arauak bete egin behar direla ere gogora ekarri dute. “Kukaña gainean ezin da kulunkatu. Eta aldi berean bi pertsona baino gehiago ere izango dira egon enborraren gainean”.
Euren borondatez kukaña berritu duten bi herritarren laguntza eskertu nahi izan du udalak. “Eskerrik asko kukaña ipintzeko lanetan aritu diren bolutarioei”.