Etxebarriak eta Gartziak 'Bibitxa' antzezlanaren bertsio berritua taularatuko dute
'Bibitxa 2.0' antzezlanaren lau emanaldi eskainiko dituzte uztailaren 1etik 11ra bitartera, Ondarroako Beikozinin. Sarrerak barikuan [ekainak 25] ipiniko dituzte salgai.
Ainhoa Etxebarria eta Nerea Gartzia aktore ondarrutarrek zuzendu, idatzi eta antzeztu duten Bibitxa antzezlana berriro ikusteko aukera egongo da Ondarroan. Ikuskizuna 2021eko martxoan estreinatu zuten eta eskualdeko zenbait herritan eskaini ostean, antzezlanaren Bibitxa 2.0 bertsio berritua estreinatzeko prest daude. Sarrerak barikuan [ekainak 25] ipiniko dituzte salgai. Internet bidez erosi ahal izango dira, Beikoziniko webgunean, 12 eurotan.
Uztailaren 1etik 11ra bitartera lau emanaldi eskainiko dituzte Beikozinin: uztailak 1, 4, 8 eta 11. Emanaldi guztiak 19:30ean izango dira eta bakoitzak ordu eta erdi inguruko iraupena dauka; ateak ordu erdi arinago zabalduko dituzte.
Bibitxa lehenengo esperientziagaz “gustura” geratu dira bi aktore ondarrutarrak, eta errepikatzea erabaki dute, baina gaia aldatuta; gaia udagaz lotuta egongo dela esan dute. Gutxi aurreratu badute ere, aurrekoan modura, oraingoan ere umorea izango da obraren ardatza.
Inprobisaketarako tartea ere egongo dela baieztatu dute. “Hasieran ia dena paperekin egin genuen, baina oraingoan gauza berri batzuk probatzen joatea pentsatu dugu. Aurreko paperak mantendu egingo ditugu, baina inprobisatuko ditugun gaiak ezberdinak izango dira”. Aurrekoetan modura emanaldi bakoitza “desberdina” izango da.
Eskualdeko eta inguruko herrietako antzerkizaleak barre algara batzuk egitera gonbidatu dituzte. “Jendeak ondo pasatzea nahi dugu, baina, aldi berean, datorren publikoa gure jokoan sartu nahi dugu; antzezlan parte hartzailea da”. Gogorarazi dutenez, helduentzako gomendatutako antzerkia da, batez ere, lantzen diren gaiengatik. “Ez da umeentzako idatzitako ikuskizun bat. Haur eta gaztetxoentzako, beharbada, ez dira oso gai erakargarriak”.