Uztailaren 3ko Hamaika Gararen mobilizazioa girotzeko ekimena egingo dute Ondarroan
Mobilizazioari bultzada eman eta girotzeko kalejira koloretsua egingo dute zapatuan [ekaineak 26]. Kamiñazpi eta Itsasaurre plaza batuko ditu ekimenak.
Hamaika Gara egitasmoak deituta, erabakitzeko eskubidearen aldeko mobilizazioa egingo dute uztailaren 3an Bilbon; herritarren gehiengoak erabaki nahi duela ikustaraztea eta gehiengo hori burujabetzarako prozesuan inplikatzea da egitasmoaren helburua. Mobilizazio horri bultzada emateko eta girotzeko kalejira koloretsua egingo dute zapatuan [ekaineak 26] Ondarroan. “Bilbon egingo den mobilbazioaren atariko bat izango da”.
Gure Esku dinamika eta beste hainbat eragile batzen dituen Hamaika Gara egitasmoak prestatutako ekimena 19:00etan hasiko da; Kamiñazpi eta Itsasaurre plaza batuko ditu. Ekimen xumea eta deigarria egin nahi dute, “ezustekoz” betea.
Bilboko ekimenean modura, Ondarroan ere ibaiaren inguruan bilduko dira herritarrak. “Kamiñazpitik irten eta handik Zaldupeko zubira abiatuko gara. Zubia gurutzatu eta Zaldupera arte joan ostean, berriro San Ignazio kalerantz sartu eta herri barrutik jarraituko dugu ibilbidea. Zubi Barri parean ibaia zeharkatu eta handik Latxanbre enparantzara joango gara; Zubi Zaharra zeharkatu eta berriro herrigunetik abiatuko gara Itsasaurrera”.
Ekitaldiaren amaieran Hamaika Gararen idatzi bat irakurriko dute. “Gure asmoa jendea Bilboko mobilizazioan parte hartzera animatzea da”. Erreferendum bidez erabakitzearen aldeko atxikimenduak lortu eta eskakizun hori gauzatzeko sinadura bilketak ere bere horretan jarraitzen duela esan dute.