Asteburuan erabakiko da Euskal Herriko Kluben Arteko Txapelketa
Markina-Xemein, Mutriku eta Berriatuko puntistak daude finaletan. 22 azpikoen mailako eta Ohorezko mailako finalak jokatuko dira Markina-Xemeingo Uni frontoian.
Euskal Herriko Kluben Arteko Zesta-punta Txapelketaren finalak jokatuko dira asteburuan Markina-Xemeingo Uni frontoian eta Zumaiako Aitzuri pilotalekuan. Beste behin, Lea-Artibai eta Mutrikuko puntistak finaletan egongo dira.
Markina-Xemeingo Unin jokatuko dira barikuan [ekainak 25] 22 azpikoen mailako eta Ohorezko mailako finalak. 22 azpikoetan Markina-Xemeingo Zesta-punta Taldeko Alex eta Danel eta Mutrikuko Danok Bat taldeko Eñaut eta Iparragirre neurtuko dira. Ohorezko mailan, ostera, Zumaiako Kosme eta Uranga eta Gasteizko Aaron eta Del Rio aurkituko dira aurrez aurre. Partidak 19:00etan hasiko dira jokoan.
Domekan [ekainak 27], Zumaian izango dute hitzordua gainerako bikoteek. 16:30ean hasita aterako dira Aitzuri pilotalekuko kantxara kadete, gazte eta nagusien mailako bikoteak, aurtengo maila bakoitzeko garailea nor den erabakitzeko.
Kadeteen mailako txapelduna Arrasate eta Aldazabal (Berriatua) eta Zubizarreta eta Ansola (Mutrikuko Danok Bat) bikoteen artean erabakiko da; Gazteen mailan, berriz, Jabier eta Oier (Gernika-Lumoko Euskal Jai Alai) eta Zelaia eta Atain II (Markina-Xemein) neurtuko dira, eta nagusien arteko norgehiagoka Eduardo eta Ibar (Zumaia) eta Rodriguez eta Asiain (Cabanillas) bikoteen artekoa izango da.