Karguekin aske utzi dituzte Lekeition atxilotutako gazteak
Gaur [ekainak 24] goizean deklaratu behar zuten bideo-konferentzia bidez Deustuko ertzain etxetik. Manifestazioa egin zen atzo Lekeition atxiloketak salatzeko.
Aske geratu dira, karguekin, atzo [ekainak 23] Ertzaintzak Lekeition atxilotutako gazte biak. Deustuko ertzain etxera eraman zituzten gazteak, eta gaur [ekainak 24] goizean deklaratu behar zuten bideo-konferentzia bidez.
Ondasun materialen aurkako ustezko “terrorismo delitu bat” egotzita atxilotu zituzten atzo goizean gazte biak, euren etxeetan miaketa egin ondoren.
Segurtasun Sailetik jakitera eman zutenez, Eako (Bizkaia) banku-erakunde bateko kutxazain bat erretzen parte hartu izana egozten diete atxilotuei, 2020ko azaroan atxilotu zuten hirugarren pertsona bategaz batera. Ertzaintzak esan zutenez, 2020an Patxi Ruizen alde egindako protestetan erre zuten kutxazaina.
Atxiloketak salatu eta atxilotuen berehalako askatasuna exijitzeko manifestazioa egin zuten atzo [ekainak 23] 19:30ean, Lekeitioko Eskolapetik irtenda.