Martiartuk, Aranburuk eta Gerenabarrenak irabazi dute Aulestiko Sobra Txapelketa
35 sobra aurkeztu dira aurten lehiaketara, eta 33. Ipuin Topaketaren sariak ere banatu dituzte. Atzo hasi zituzten jaiak.
Euria ia etenik barik egin badu ere, sanjoanek giro ona ekarri dute Aulestira. Atzo [ekainak 23] txupina botata hasi zituzten ospakizunak aulestiarrek, eta gogoz hartu dituzte jaiak. Hirugarren adineko eta pentsiodunak izan ziren txupina botatzearen arduradunak, eta San Joan bezperan ohikoa denez, sua piztu eta haren inguruan egin zuten jaia, musika eta dantzez lagunduta.
Gaur, berriz, kolore biziz jantzi du herria San Joan eguneko Sobra Txapelketak. Ohi modura, meza ostean entregatu dituzte sobrak parte hartzaileek, eta aurretik zehaztutako irizpideei jarraituta egin du aukeraketa epaimahaiak. Baina, Karmele Goitiandia eta Antxone Aranzeta epaimahaiko kideek ez dute lan erraza eduki, txorta ikusgarriak aurkeztu dituzte-eta herritarrek txapelketara.
Sobrak egiteko erabili dituzten bedarrak, ortuariak, frutak eta lorak eta baita lora sortak lotzeko modua ere kontuan hartu dituzte saridunak aukeratzerako orduan. “Plastikozko sokarik ezin da erabili lotzeko”, azaldu dute, esate baterako.
[zuzenean ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Sanjoanetako txapelketa honek arrakasta handia izaten du urtero. 2019 urtean, esaterako 50 sobra baino gehiago aurkeztu ziren txapelketara. Aurten, berriz, euriak, txapelketa aste barruan egin izanak eta pandemiak ere eduki du eragina, eta 35 izan dira txapelketara aurkeztu dituzten sobrak. Gutxiago, baina ez maila txikiagokoak; sobra dotore-dotoreak ikusi ahal izan dira-eta gaur ere Aulestin.
Horietatik guztietatik seik eraman dute saria; lehenengo hiru sari eta bigarrengo hiru sari banatu dituzte.Aurtengo irabazleak Maite Martiartu, Izaro Aranburu eta Mertxe Gerenabarrena izan dira, eta bigarren saria Marisabel Armaoleak, Antoni Zelaiak eta Encarna Anituak eraman dute.
Sobra Txapelketakoak, baina, ez dira izan gaur saria eduki duten bakarrak. Txapelketa aurretik 33. Ipuin Topaketaren sariak banatu dituzte bai eta ere udaletxeko aterpean. Guztira, 50 ume eta gaztetxo saritu dituzte; motxila ederra eraman dute etxera.
Jaiek domekara arte iraungo dute Aulestin, eta horiekin gozatzeko aukera nahikoa egongo da.