Atsedenik gabeko sanjoanak izan dituzte Aulestiarrek
Domeka arratsaldeko bertso saioagaz agurtu dituzte sanjoanak. Jolasak, ginkana eta bertsoak eduki dituzte aulestiarrek asteburuan.
San Joan jaiek giro onean jarraitu dute Aulestin. Jolasak, ginkana eta bertsoak eduki dituzte aulestiarrek asteburuan ere jaiekin gozatzeko.
San Joan eguna [ekainak 24] musikagaz lagunduta amaitu zuten No Name Tiriti taldearekin. Barikuan [ekainak 25] ostera, azken barikuko elkarretaratze berezia eduki zuten. 13/13 epaiketako auzipetuak gogoan eduki zituzten elkarretaratzean. Aulestiarrak plazan batu ziren 20:00etan, eta ohiko elkarretaratzeagaz gainera Saioa Agirre auzipetuaren egoeraren berri eduki zuten. Ekitaldiaren ostean, gainera, argazkia atera zuten denek batera. Euria ere ez zen oztopoa izan jolaserako. Udaletxe azpiko aterpean jardun zuten jolasean gauean. Zapatu [ekainak 26] goizean, aldiz, taldeka batuta ginkana digital bat osatu eta galderak eta probak gaindituz ibilbide bat osatu behar izan zuten herrian zehar.
Domeka arratsaldeko bertso saioagaz agurtu dituzte sanjoanak aulestiarrek. Nerea Ibarzabal, Xabat Galletebeitia, Aitor Mendiluze eta Maialen Lujanbio bertsolarien saioagaz gozatu zuten frontoian.