Jai giroan inauguratu dute Etxebarriko ur txorroen parkea
10:00etatik 20:00etara egongo da martxan. Guztira, 31 lagunentzako lekua dauka hesituta dagoen ur txorroen guneak, baina momentu honetan, COVID-19a dela eta, 18 lagunek baino ezingo dute instalazioa batera erabili.
Eguraldi onak lagunduta ur txorroen parkea inauguratu zuten zapatuan [ekainak 26] Etxebarrian. Ilusioz beterik hartu zuten parke berria, udalerriko txikiek batez ere.
Jesus Iriondo Lejardi alkateak azpiegituraren nondik norakoak azaldu zizkien herritarrei Ibaun parkeko instalazio berria martxan jarri aurretik. Azaldu zuenez, Splash parkeak edo ur txorroen parkeak modu autonomoan funtzionatuko du. 10:00etatik 20:00etara egongo da martxan, eta bakoitzak nahi duenean erabili ahalko du. Guztira, 31 lagunentzako lekua dauka hesituta dagoen ur txorroen guneak, baina momentu honetan, COVID-19a dela eta, 18 lagunek baino ezingo dute instalazioa batera erabili. “Mota askotako ur txorro eta pistolak daude; jendea dabilenean botoia sakatu eta martxan jarriko dira, eta inor ez badago, geldirik egongo dira. Ez du urik gastatzen inor ez dabilenean, botoia sakatu behar da martxan jartzeko”.
Alkateak jakitera eman zuenez “ez da urik galduko”. Erabiltzen den ur guztia hustubidetik sartzen da eta 5.000 litroko biltegi batera doa, eta ur hori guztiori makina gela batean iragazten da, klorifikatu egiten da eta berriro ur txorroetara itzultzen da. “Ez da urik galtzen. Galtzen den ur bakarra beroarekin lurruntzen dena da, eta hori gertatzen denean pixka bat kargatu beharko da”. Euria egiten duenean, berriz, euri ura sartuko da barrura eta ur hori erabiliko dute ur biltegia betetzeko. “Momentu baten euri gehiegi egingo balu, ur biltegia guztiz bete orduko, elektrobalbula batzuekin itxi egingo da eta errekara bideratuko da ura. Bestela, euria ere hartuko du biltegiak, eta beraz, ia-ia ez da urik gastatzen”.
Parkean ur txorroez gainera, mahaiak eta berdegunea ere badituzte herritarrek aisialdiaz gozatzeko. Horrez gain, ur biltegia kokatzen den egurrezko egitura berean, beste lokal bat prestatu dute neguan azpiegitura desmuntatu eta gorde ahal izateko, eta uda partean, berriz, parkera doazenak erabili ahal izateko. Lokal horretan toallak, aulkiak, motxilak edo hamakak gorde ahal izango dituzte udaletxean eskaera egiten dutenek. Mugikorraren bidez funtzionatuko du azpiegiturak. “Udaletxean telefono mugikorrari lotutako posta elektroniko bat eman behar da, eta handik esteka bat pasatuko zaie mugikorreko aplikazio baten bidez atea zabaldu ahal izateko. Horrela, bakoitzak behar duenean erabili ahal izango du”.
[zuzenean ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Kostu handia. Valentziako Isaba etxeak jarri du parkea, eta instalazioak 180.000 euroko kostua izan duela jakitera eman zuen alkateak. “Azpiegitura hau asko kostatu zaigu herritarroi, eta zaindu egin behar dugu. Garbi mantentzeko paperontziak jarri ditugu hemen, baina horrek ez du esan nahi denak bete behar ditugunik, zaborra etxetik badakargu etxera itzuli edo edukiontzietara eraman behar da”.
Ekainaren 1ean zabaltzeko ziren parkea, baina maiatzaren 20an araudi bat atera zuten parke horiek ere legionella azterketa bat igaro behar zuela esanez. “Analitika horrek 25 eguneko prozesu bat behar du, eta horregatik atzeratu behar izan dugu zabaltzea”.
Dutxatik igarota, hesituta dagoen txorroen gunean sartu eta botoia zanpatuta jartzen dira ur jolasak martxan, eta atzera kontaketa eginez, denen artean jarri zituzten martxan zapatuan. Alkateak gune berriagaz gozatzeko gonbitea egin zien herritarrei.