Markina-Xemein eta Berriatua Euskal Herriko kluben arteko txapeldun
Markina-Xemeingoek 22 urtez azpikoetan eta gazteetan lortu dituzte garaipenak, eta Berriatukoek kadeteen mailan. Markina-Xemeinen eta Zumaian jokatu dira finalak asteburuan.
Markina-Xemein eta Berriatuko puntistek EHko Kluben Arteko Txapelketako txapelak jantzi dituzte asteburuan. Barikuan [ekainak 25] eta domekan [ekainak 27] jokatu dira 2021eko EH-ko Zesta-puntako Kluben arteko finalak Markina-Xemeinen eta Zumaian, eta Markina-Xemeingoek 22 urtez azpikoetan eta gazteetan lortu dituzte garaipenak, eta Berriatukoek kadeteen mailan.
Giro ona izan zen nagusi barikuan Markina-Xemeinen. Zesta-puntaz gozatzeko gogoz hainbat zale batu ziren Uni frontoiko harmailetan bai herrikoak zein Mutriku, Zumaia eta Gasteizkoak ere. Partida ederrak ikusteko aukera eduki zuten zaleek, gainera.
22 azpikoen finala jokatu zuten hasteko Alex eta Danel (Markina-Xemein) eta EƱaut eta Iparragirre (Mutrikuko Danok Bat) bikoteek. 30 eta 25 nagusitu zen Markina-Xemeingo bikotea. Alex eta Danel aurretik jarri ziren markagailuan eta horrela eutsi zioten amaierara arte.
Ohorezko mailako norgehiagoka egon zen ondoren, eta horretan Kosme eta Uranga (Zumaia) eta Aaron eta Del Rio (Gasteiz) neurtu ziren. Partida zirraragarria eskaini zuten lau puntistek, eta publikoaren txalo zaparradak jaso zituzten. Bost tantoko aldeagaz (30-25) eskuratu zuten garaipena Aaronek eta Del Riok.
Kadete, gazte eta nagusiak. Zumaian, bestalde, kadete, gazte eta nagusien mailako finalak jokatu ziren. Kadete mailan Arrasate eta Aldazabal (Berriatua) eta Zubizarreta eta Ansola (Mutrikuko Danok Bat) aurkitu ziren finaletan aurrez aurre eta 30-13 irabaztea lortu zuten Berriatukoek. Lehia gehiago egon zen gazte mailan Urrutia eta Diaz (Gernika-Lumoko Euskal Jai) eta Zelaia eta Atain II (Markina-Xemein) bikoteen artean. Bizpahiru tantoko aldeagaz batera zein bestera joan zen markagailua partida osoan, eta 27-30 amaitu zuen Markina-Xemeingo bikotearen alde. Nahiko pareko ibilita, azken tantoetan abiadura jarri zion partidari Atain II.k eta horrekin garaipena bere egitea lortu zuen Markina-Xemeingo bikoteak.
Nagusien mailakoa izan zen aurtengo txapelketatik erabaki zen azkena. Nagusien mailan Agirre eta Ibar (Zumaia) eta Chelis eta Asiain (Cabanillas) neurtu ziren. Chelis, 44 urteko beteranoak, ordezko modura jokatu zuen. Cabanillasko puntista AEBtan profesional modura jokatutakoa da eta bere jakintza erakutsi zuen. Aisiain ere Danian jokatutakoa da, eta tantoak dominatzen ondo lagundu zion. Horrela, bien artean 30-25 irabazi zieten Zumaiakoei.