Zortzi orduko elkartasun ekitaldia egin dute Lekeition 13/13 auzikoen alde
'8 auziperatu 8 orduz elkartasuna! ' lelopean elkarretaratze txandakatua egin zuten herriko elkarte eta taldeen artean. Elkarteetako kideez gainera, hainbat herritar hurreratu ziren Eskolapera ekimenagaz bat egiteko.
400 pertsonak parte hartu zuten zapatuan [ekainak 26] Lekeition 13/13 auziko auziperatuen alde egin zen zortzi orduko elkarretaratzean. 8 auziperatu 8 orduz elkartasuna! lelopean egin zen Eskolapean Arantza Herrian! dinamikak deitutako ekitaldia, eta Lekeitioko elkarteetako kideak txandakatzen joan ziren, elkartasun ekimenagaz bat eginez.
Ekitaldia hasteko zortzi bolandera bota zituzten, eta 12:00etatik 20:00etara, orduro, aldatzen joan ziren elkarte eta taldeak. Presoen lagunak eta senideak, eta Etxerat elkarteko kideak izan ziren lehenengoak elkarretaratzean parte hartzen, horren ondoren jarri ziren pankarta atzean, pentsionistak eta sindikatuak, preso ohiak eta lagunak, Arantza herrian! dinamikako kideak, EH Bildukoak, gazteak eta kirolariak, eta azkenik, hezkuntzako ordezkariak, emakumeen taldeetakoak eta Gure Eskuko kideak.
Auzipetuei babesa eta elkartasuna adierazteko atxikimenduak ere batu zituzten ekimenak iraun zuen bitartean, eta ekimena amaitzeko, zozketa bat eta Lekeitioko McOnak taldearen kontzertua egon ziren. Egun osoan egon zen jarrita Eskolapean baita ere, auziaren gorapilloa adierazten zuen ikurra.
Elkarretaratzean parte hartu zuten talde eta elkarteetako kideez gainera, asko izan ziren ekimenagaz bat egin eta Eskolapera hurreratu ziren herritarrak, eta guztiei eskerrak eman zizkien 13/13 auzi horretan auziperatuta dagoen Arantza Zulueta herrikideak. “Zuen indar eta elkartasunik gabe ezinezkoa litzateke errepresioari eta salbuespen egoerari aurre egitea. Bina benetan eta oztopo guztien gainetik ziur egon irabaziko dugula. Lortuko dugu Euskal Herri libre, ekologista, feminista eta presorik gabeko Euskal herri bat”.