Mutrikuk 560 kiloko txapelketa hasiko du asteburuan
600 kiloko bigarren eta hirugarren jardunaldiak asteburu bakarrean lehiatu dituzte, eta hiru jardunaldietako emaitzak batuta, Mutriku bosgarren sailkatu da.
2021eko Lur Gaineko Euskadiko Sokatira Txapelketan bere azken kategoria lehiatuko du Mutrikuk. Zapatuan [uztailak 3] hasiko dute 560 kiloko txapelketa, Laukizen (17:00).
Hurrengo bi asteburuetan Erandion eta Laukizen jokatuko dituzte jardunaldiak, eta hirugarren eta azken jardunaldian, Laukizen, erabakiko da aurtengo txapelduna. 560 kilotan sei talde hauek ariko dira: Mutriku, Akelarre, Gaztedi A, Gaztedi B, Gaztedi C eta Goiherri.
Javi Urresti Mutriku Sokatira Taldeko kidearen hitzetan, bati bat 560 kilokoak aurten hasitako gazteei edota aukera gutxiago eduki dutenei, aukera gehiago emateko balioko die, ikasten segitzeko aukera izango da: “Horrela ikasten da, eta eurei aukera gehiago emateko esperantza daukagu. Uste dut pisuan sartuko garela. Ikusi da jendea saiatzen dela pisua jaisteko, eta hori ere beste meritu bat da”. Taldekide bat min hartuta dagoenez, Goiherrigaz adostu dute bertako sokatiralari bat Mutrikugaz aritzeko.
600 kiloko kategoria aurreko asteburuan amaitu zuten, eta orain arteko kategoria denetan modura, Gaztedi Ak lortu du horretan ere txapela.
Zapatuan [ekainak 26] Laukizen eta domekan [ekainak 27] Zumarragan lehiatu zituzten 600 kiloko bigarren eta hirugarren jardunaldiak, eta bietan ere Mutriku Sokatira Taldekoak bosgarren sailkatu ziren. Hain zuzen, txapelketan sailkatu diren hurrenkeran amaitu zituzten aipatu bi saio horiek.
20,5 puntugaz nagusitu da Gaztedi A. 18,5 puntu bildu ditu Goiherri bigarren sailkatuak, eta 15 puntu Gaztedi B hirugarrenak. 11,5 puntugaz Akelarre sailkatu da laugarren eta bi puntu gutxiago batu ditu Mutrikuk hiru jardunaldietan. Getxo eta Gaztedi C sailkatu dira seigarren eta zazpigarren, 6 puntugaz eta 3 puntugaz, hurrenez hurren.
Entrenamendu onak egin arren, zapatuan esperotako mailatik urrun aritu ziren Mutrikukoak: “Pentsatutako mailara hurreratu ere ez ginen egin, agian, entrenamenduak lur bigunean egin genituelako eta Laukizen lur gogorra topatzeak eragina eduki zuen. Ez genuen eman neurririk eman”, azaldu du Urrestik. Domekan, ostera, hobeto aritu ziren Zumarragan: ” Gure maila hobea izan zen, eta kelarregaz berdindu egin genuen. Lurra guretzat aproposagoa zen, gure erako lurra zen, hankak sartzeko eta finkatzeko ondo egon zen”.
600 kilotarako esperantza gehiago zeukaten, baina ez dute euren maila eman: “Beste taldeak beterano samarrak dira, eta bi talde dituztenez, entrenamenduetan alkarren kontra egiteko aukera daukate, eta horrek ere eragiten du”.
Laukizen publikoagaz aritu ziren, eta Zumarragan, aldiz, ez zuten ikuslerik eduki: “Federazioak gure esku laga zuen, berez, publikoa egon ahal zen, baina guk zer nahi genuen erabakitzeko esan ziguten. Laukizekoa publikoagaz izan zen, eta igarri zen. Zumarragako Udalak jende barik egiteko esan zuen. Uste dut 560 kiloko jardunaldi denak publikoagaz izango direla”.