Elkartasun irteera egingo dute Gizaburuagan, herritar bati gurpildun aulkia erosteko
Mendi irteera uztailaren 11n egingo dute, Gizaburuaga eta Ispaster batzen dituen mendi ibilbide labur batetik. Izen ematea zabalik dago; banku transferentzia eta Bizum bidez egin daitezke diru ekarpenak.
Udalaren ekimenez, Alain Arando Rafael 15 urteko herritarrari aulki elektriko berria erosteko elkartasun mendi irteera antolatu dute uztailaren 11rako Gizaburuagan. Arandok aniztasun funtzionala du, eta harentzako gurpildun aulki elektriko bat erosteko nahikoa diru eskuratzea da ekimenaren helburua. “Askoz ere errazago ibili dadin, aulki handiagoa eta motorduna behar du. Udalbatzaren ohiko osoko bilkura batean Alaini laguntzeko zerbait egin behar genuela adostu genuen, eta hortik elkartasun mendi irteera antolatzea bururatu zitzaigun”.
Ekimenaren bultzatzaileek azpimarratu dutenez, herritar guztiak laguntzeko prest azaldu dira. “Ideia udal ordezkariona izan bada ere, ekimena aurrera eramateko garaian herri guztia inplikatu da. Herri txikia bagara ere, familia handi bat osatzen dugula erakutsi dugu”.
Uztailaren 11n egingo duten elkartasun ekimena Gizaburuaga eta Ispaster batzen dituen mendi ibilbide labur batetik igaroko dela iragarri dute antolatzaileek. Proposaturiko ibilbideak 8,5 kilometro ditu eta bi bat orduan egiteko modukoa dela aurreikusi dute. Mendi ibilbidea “erraza” dela gaineratu dute, eta familian zein lagun artean parte hartzeko deia luzatu dute. “Umeek, gazteek zein nagusiek egiteko moduko ibilbidea aukeratu dugu, bakoitzak bere erritmoan egiteko modukoa”.
Uztailaren 20ra arte diru ekarpenak egiteko aukera ere zabalik dago. Laguntza edozein delarik ere ongietorria izango dela esan dute kanpainaren bultzatzaileek
Mendizaleek 10:00etan irtengo dute herriko plazatik. “Plazatik atera eta elizaren ondotik, Lea Ibilbidean barrean sartuko gara. Bengoleako zubian irten eta industrialdearen atzetik zehar joanda Telleriara jarraituko dugu, eta handik Ispasterreko bidera joango gara. Bertatik, Gizaburuagako baserri batetik jaitsiko gara Laixoletaraino. Laixoletan Lea Ibilbidean sartuko gara berriro, eta handik herrigunera arte abiatuko gara”. Mendi irteera amaitzean urdailak asetu eta eztarriak bustitzeko aukera egongo da plazan. “Pintxo batzuk eta edateko zerbait egongo da”.
Mendi irteeran parte hartzeko izen ematea zabalik dago. Bertan parte hartu nahi duten 12 urtetik gorakoek 15 euroko ekarpena egin dezakete ES09 2095 0050 31 9107149681 (Kutxabank) kontu korrontera banku transferentzia bat eginda edo 650 26 72 37 zenbakira Bizum bat eginda. Egunean bertan ere izena emateko aukera egongo da plazan, 09:00etatik aurrera.
Dohaintza kanpaina zabalik. Uztailaren 20ra arte diru ekarpenak egiteko aukera ere zabalik dagoela gaineratu dute kanpainaren bultzatzaileek. Dohaintzak mendi irteeran izena emateko kontu korronte eta Bizum zenbaki berera egin beharko dira. Esan dutenez, norbanakoek zein enpresek parte hartu dezakete. “Ekarpen guztiak ongietorriak izango dira, kopurua edozein delarik ere, laguntzeko ondo etorriko da”. Ekimenari buruzko informazio gehiago jaso nahi dutenek honako telefono zenbakitera deitu dezakete: 619 42 94 11 (Markel), 619 64 23 68 (Jose Luis) edo 659 42 39 74 (Amaia).