Espeleologiara hurbiltzeko aukera eduki dute Mutrikuko ikasleek
Olatz auzoko Jentiletxeta eremuan dauden kobazuloetako bi ezagutu dituzte. Aurrerantzean halako irteera gehiago antolatzeko asmoa agertu du Burumendi Espeleologia Taldeak.
Burumendi Espeleologia Taldeko kideen eskutik, Mutrikuko lur azpiko unibertsoak gordetzen dituen altxorretako batzuk ezagutzeko aukera eduki zuten martitzenean [ekainak 29] Txantxangorriren Udabentura udalekuan parte hartzen ari diren 10 eta 12 urte bitarteko 36 ikaslek. Hiru txandatan banatuta, Olatz auzoko Jentiletxeta eremuko bi kobazulo ezagutzeko aukera eduki zuten. “Bisita didaktiko honetarako euren mailaren araberako kobak aukeratu ditugu. Bi kobazulo horiek oso errazak dira sartzeko; ez dute inolako arriskurik”.
Koba bakoitzean ordu laurden inguruko egonaldiak egin zituzten. Espeleologia taldeko kideek esan dutenez, gaztetxoak “harrituta” geratu ziren lur azpian topatu zuten guztirekin. “Batzurentzat espeleologiarekin eduki duten lehen kontaktua izan da. Euren interesa piztu dugula uste dugu”.
Irteera, gainera, Olazko beste toki esanguratsu batzuk ezagutzeko ere baliatu zuten.”Inguru horretan borda baten aztarnak ere badaude, eta horiek ere ikustera gerturatu ginen. Borda horri buruz inguruko baserritarrek kontatzen duten kondaira bat ere kontatu genien gaztetxoei. Irteera amaitzeko, ZiƱua baserriko karobia bisitatu genuen”.
Giro ederra eduki zutela azpimarratu dute espeleologia taldeko kideek. “Ekintzak arrakasta handia eduki du. Ikasleak oso pozik eta eskertuta joan dira”. Aurrerantzean ere halako irteera didaktiko gehiago antolatzeko asmoa erakutsi dute. Uztailaren 12an, 13an eta 14an, esaterako, beste lau irteera egingo dituzte herriko umeekin.