Munitibarko kontsultategian ere aurrez aurreko osasun arreta murriztu dute
Gernikaldea osatzen duten hamabost udalerrietako kontsultategietako ordutegiak murriztu dituzte irailaren erdialdera arte. Medikua eta erizaina Munitibarren ez dauden lau egunetan, bertako bizilagunek Mendata, Ereño, Nabarniz edo Arratzura joan behar dute aurrez aurreko arreta jasotzera.
Ekainaren 21etik irailaren erdialdera arte, Gernikaldea osatzen duten hamabost udalerrietako osasun arreta berrantolatu dute, “Osakidetzan ordezkapenak egiteko arazoak dituztelako”. Ondorioz, herritarrek egun gutxiagotan daukate aurrez aurreko arreta euren udalerrietako kontsultategietan.
Hamabost udalerri horietako bat da Munitibar. Orain arte astean bitan egoten ziren medikua eta erizaina bertako kontsultategian, eta beste hiru egunetan Mendatara joaten ziren. Hiru hilabete hauetan, baina, astean behin egongo dira Munitibarren. Beraz, gainontzeko egunetan inguruko beste herri batera joan behar dute aurrez aurreko arreta jasotzera.
Udal arduradunak kezkatuta daude. “Gure herrietan adineko jende asko dago, eta zerbitzua murrizteak kalte handia egiten die herritarrei. Gernikaldeako udalerriok sinatuta Galdakaoko arduradunari gutun bat bidali diogu, euren erabakia berraztertzeko eskatuz. Ordezkapenak egiteko langilerik ez dagoela diote, eta horrek ez gaitu asko konbentzitzen”, azaldu du Arkaitz Goikoetxea Munitibarko alkateak.
Hamabost udalerri horietako kontsultategiak lau kontsultategi multzotan bildu dituzte, eta multzo bakoitzean gutxienez mediku bat eta erizain bat egongo dira multzoko kontsultorioren batean. Munitibarren kasuan, Mendata, Ereño, Nabarniz eta Arratzugaz batera sartu dituzte. Beraz, asteko egun bakoitzean udalerri horietako batean emango dute zerbitzua.
Gernikaldeatik azaldu dietenez, hamabost udalerrietako kontsultategietako ordutegiak “murriztera behartuta” egon dira, aurreko urteetan ez bezala, ez dutelako “ez mediku ezta erizainik ere udako oporren ordezkapenik egiteko”. Osakidetzak egindako egokitzapenen berri ekainaren 17an arratsaldez jakin zuten, posta elektronikoz bidalitako mezu baten bidez. “Gernikaldeatik bidali digute mezua, baina, ematen du goitik datorren erabakia dela. Ez dakit berton dauden mediku eta erizainak ze punturarte dauden honegaz ados”, dio Goikoetxeak.