Uztailaren 1ean udako ordutegiagaz hasiko da Ondarroako Herri Busa
Udako ordutegia abuztuaren 31ra arte mantenduko da. 08:00etatik 12:50era egongo da zerbitzuan abantean.
Uda garaia ailegatuta, Ondarroako Herri Busa udako ordutegiagaz funtzionatzen hasiko da eguenean [uztailak 1]. Ordutegi hau abuztuaren 31ra arte egongo da indarrean; bi hilabete horietan goizeko zerbitzu hutsa egongo da. Udal iturriek azpimarratu dutenez, ordutegi berria antolatzerakoan bi faktore hartu dituzte kontuan. Alde batetik, herritarrei hondartzara joateko zerbitzua eskaintzea, eta, bestetik, osasun etxera joateko zerbitzua bermatuta edukitzea. “Udako ordutegia ezartzerako orduan zerbitzua gehien erabiltzen diren orduak mantendu ditugu”.
Iragarri dutenez, uztailean eta abuztuan, astelehenetik barikura, 08:00etatik 12:50era egongo da zerbitzua abantean; herriko garraio publikoak Artabidetik Ibaiondora egingo du lehen bidaia eta azken bidaia ere norabide berean egingo du. Ohi modura, asteburuetan eta jaiegunetan ez da Herri Bus zerbitzurik egongo. Gogorarazi dutenez, Galtzuaran baserri parea ere geralekua izango da. Horrez gain, nahitaez indarrean dagoen COVID-19 protokoloa bete beharko dela ere azpimarratu dute. “Herri Busean joateko behar-beharrezkoa da maskara erabiltzea”.