KAE 2 Ligaren 3. jardunaldia lehiatuko dute Mutrikun
Mutrikuko Udalak jakinarazi du debekatuta egongo dela antolakuntzak mugatutako Puertoseko parkingaren eremuan aparkatzea, 08:00etatik 20:00etara. Bestalde, ETE Ligan, Isuntza eta Ondarroak Donibane Lohizunen eta Portugaleten jokatuko dituzte estropadak asteburu honetan.
KAE 2 Ligaren taldeek 3. jardunaldia lehiatuko dute Mutrikun, zapatuan [uztailak 3], 17:00etan hasita. Biharamunean, berriz, Donostian elkartuko dira. 11:15ean hasiko dute 4. jardunaldiaren XI. Kaiarriba Donostiarra IkurriƱa lortzeko lehia.
Mutrikuko V. Yurrita Group Bandera dela-eta, Mutrikuko Udalak jakinarazi du moilako aparkalekuan, kirol portuaren parean debekatuta egongo dela ibilgailuak aparkatzea, 08:00etatik 20:00etara
Bestalde, KAE 1 eta ETE ligetako klubak 4. eta 5. jardunaldietan Donibane Lohizunen eta Portugaleten lehiatuko dituzte asteburuko estropadak.
ETE Ligan, IV. Donibane Lohizuneko Estropada izango dute jokoan zapatuan, 16:30etik aurrera, eta KAE 1ean, 17:30ean hasiko dute 29. Donibane Lohizuneko Estropada.
Domekan 10:30ean hasiko III. Bandera Ayuntamiento de Sestao emakumezkoen taldeek, eta gizonezkoena ordubete beranduago hasiko da. Horiek XX. Bandera Ayuntamiento de Sestao lortzeko lehiatuko dira.
Sailkapenak. Ligak hasi besterik ez dituzte egin, eta orain arteko estropadetan pilatutako puntuekin, KAE 2 Ligan Portugalete da liderra, 17 puntugaz. Hamar talde daude ligan, eta sailkapeneko lehenengo bostek euren artean puntu bakarreko aldea baino ez daukate. Mutriku sailkapeneko laugarrena da, 14 puntugaz.
ETE Ligan 11 talde dira, eta Tolosaldea AT dago sailkapen buru, 32 puntugaz. Puntu bat gutxiago dauka Deustok, eta Deustorengandik bost puntura dago Hibaika hirugarrena. Lea-Artibaiko taldeei dagokienez, Ondarroa seigarren eta Isuntza zazpigarren daude, 19 eta 16 puntugaz, hurrrenez hurren.
Hamahiru talde daude KAE 1 Ligan. Gaur gaurkoz, San Pedro da liderra, 36 puntugaz. Bi puntura dago Kaiku, eta 30 puntu ditu Getaria hirugarrenak.