Lekeitioko Atabaka, hamar urte ondarea zaintzen
Atabaka kultur elkarteak hamar urte daramatza Lekeitioko ondarea babesten eta balioesten. Indusketa arkeologikoak egingo dituzte aurtengo abuztuan ere Garraitz irlan. Mendieta ontziolan ere jarri dute arreta.
Kultur ondareaz kezkaturik, arkeologo eta historialari talde bat bildu zen 2011 urtean Santa Katalinan zeuden kanoi batzuen suntsipena salatzeko. Kartel xume bat jarri zuten Santa Katalinako harresian, XVIII. mendeko bateria militar originala non zegoen galdetuz. Hori izan zen abiapuntua; kultura-ondarea mantendu eta babesteko indarrak batu behar zituztela ikusita, urte horretan bertan estatutuak idatzi eta eratu zuten Atabaka kultur elkartea.
Lekeitioko ondare historiko eta kulturalaren kontserbazio eta zabalkundearen alde lanean dihardu ordutik Atabakak, baita horiek ikertzen, interpretatzen eta balioesten ere. Hamar urte horietan proiektu ezberdinak babestu eta balioan jarri nahian aritu dira lanean, batzuetan aldeko emaitzekin, besteetan ezer lortu ezinik. Horrela gertatu zitzaien Ondarzabal itsaontziagaz, esaterako. Ondarzabal Lekeitioko egurrezko azken itsasontzia museo moduan zegoen 2003tik portuan, baina denborale baten ondorioz, popako bita apurtu zitzaion, eta 2013ko otsaileko denboralea etorri behar zenean karrora igotzea erabaki zuen udalak, beste itsasontzientzat arriskutsua izan zitekeelako. Konponketa lanen kostua udalarentzat handiegia zenez eta laguntzarik lortu ez zutenez, itsasontzia zatikatzea erabaki zuen Lekeitioko garapen eta tokiko gobernu batzordeak 2014 urtean. Horren aurka altxatu zen Atabaka, baina ez zuten ezer lortu.
Garraitz irlan jarri zituen orduan, begiak, Atabakak. Irlako basoa apurka-apurka hiltzen ari zela ohartarazi zuen elkarteak alde batetik, eta Garraitz 25 izeneko egitasmoa diseinatu zuten bestalde, 2014ko udazkenean. Ondare balio garrantzitsua daukaten elementuak dokumentatu eta balioan jarri nahi dituzte egitasmo horren bidez, eta Lekeitioko hiribilduaren 700 urteurrenerako amaituta egotea dute helburu, hau da, 2025 urterako. Garraitz irlaren historia eta natura ezagutzeko indusketa arkeologikoak egiten ari dira. Gaur egunera arte sei indusketa eraman dituzte aurrera, gehienak udan, eta betiere Aranzadi kultur elkarteko adituen laguntzagaz. Alfredo Moraza Aranzadiko arkeologoa da, hain zuzen ere, indusketen burua.
Udaz uda 50 bat boluntario inguru aritu izan dira Garraitz irlan lanean
Aurkikuntzak. Indusketak auzolanean antolatzen dituzte, eta udaz uda 50 bat boluntario inguru aritu izan dira Garraitz irlan lanean. Aurten ere egingo dituzte indusketak, abuztuaren 21etik 24ra, eta horietan parte hartzeko gonbidapena luzatu dute.
Indusketak alde batetik, Frantziskotarren komentua kokatu zen aldean egin dituzte. Azterketa lan horietan zeramika zatiak, titare bat, kaskabilo txiki bat, iltzeak, teilak eta herrialde ezberdinetako txanponak ere aurkitu dituzte, hala nola, Portugal, Gaztela, Eskozia, Frantzia eta Brabanteko XIV. eta XV. mendeetako txanponak. Morazak jakitera eman duenez, txanpon horiek Erdi Aroan Lekeitiotik igarotako itsasgizonek San Nicolas baselizan utzitako limosnak izango lirateke edota izurritea dela-eta berrogeialdian zeuden itsasgizonen eskaintza edo opariak.
Irlaren beste alderdian, gotorlekuak egon ziren ingurunean, horiek azaleratu eta militarren etxea garbitu eta prestatu dute erabilera berria emateko. Inguru horretan egindako indusketetan ere hainbat arrasto aurkitu dituzte: metalezko balak, fusil harriak, aurrekarga jaurtigaiak… Alde horretan zegoen bolborategia, euskal kostaldeko bakarrenetakoa, eta irlaren amaieran dagoen kanoi zulo eremua aipagarriak dira.
Irlaren txosten arkeologikoa eta txosten botanikoa landu dute bertako natura sakonean ezagutzeko
Parke Arkeologikoa. Parke Arkeologiko izendapena ere badauka irlak. Eusko Jaurlaritzako Kultur Ondarearen Zuzendaritzak eman zion izendapena 2019 urtean, eta izendapen horrek irla bere osotasunean babesteko, zaintzeko, berreskuratzeko eta bere testuinguru naturalean interpretatzeko aukera ematen du.
Bide horretatik, irlaren txosten arkeologikoa eta txosten botanikoa landu dute bertako natura sakonean ezagutzeko, Lekeitioko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailagaz elkarlanean. Txostena osatzeko, txoriak, itsas flora eta fauna eta basoa eta arbolak aztertu dituzte, besteak beste. Txosten horren bidez, irlako landaretza eta egungo kontserbazio egoeraren ezagutza handitu eta ondare botanikoa berreskuratzeko eta mantentzeko kudeaketa ereduak proposatu dituzte.
Indusketez gain, beste ekitaldi berezi bi ere antolatu ditu azken urteetan Atabakak. Alde batetik, herriak eta parrokiak frantziskotarrei komentua eraikitzeko baimena eman zieteneko 400. urteurrena ospatzeko, 1617. urteko uztailaren 7ko gertaerak antzeztu zituzten ekimen berezi bat eginez. Bestalde, orain dela bi urte, Elkanoren mundu biraren hasiera gogora ekartzeko Lekeitio Elkanoren mundubiran egitasmoa antolatu zuten espedizio historiko hartako partaide izan zen Nikolas Artieta berpiztuz eta bidaia hartan parte hartu zuten lekeitiarrak ezagutzera emanez.
Atabaka elkarteak Mendieta ontziolaren zaharberritze lanetan ere jarri du arreta. Mendietaren itsas-kultur erabilera berriari buruzko proposamen bat egin diote udalari, eta azkenengo hilabeteetan egiten ari diren lanak hurbiletik jarraitzeko eskaria ere egin diote.