'Lekittarra' eta Ondarroa, goi mailako paladak emateko prest
Eusko Label Ligaren lehenengo bandera jokatuko dute asteburuan, Galizian. 'Lekittarra'-ren eta Ondarroaren entrenatzaileek euren helburuak zeintzuk diren eta denboraldi-aurrean zelan ibili diren azaldu dute.
Etxeko lanak ondo eginda bidaiatuko dute Galiziara Eusko Label Ligan eta Euskotren Ligan dauden klubek. Zapatuan hasiko dute denboraldia.V. Bandeira Cidade da Coruñaren bandera dute ligako lehen hitzordua.
Osertz Aldai Lekittarraren entrenatzaileak erregulartasuna mantentzea ezinbestekoa izango dela aitatu du: “Helburua da mailari eustea. Mailari eutsi, eta ahal bada play off-ak jokatu gabe, horrek ematen dizun lasaitasunarengatik. Helburu hori guretzat erronka bat da, erronka garrantzitsu bat. Horri ekin genion urte hasieratik, eta horren bila gabiltza. Gauzak ahalik-eta hoberen egiten gaude helburu hori lortzeko”.
Horretarako, erregulartasunez lan egitea giltzarria izango dela deritzo: “Helburu hori lortzeko argi dago estropada guztien baturaren bataz besteko bat izan beharko lukeela. Estropada guztiek kontatzen dute, denboraldia luzea da. Aldi berean huts egiteak oso garesti ordaintzen direnez, uste dut hor dagoela gakoa, beti %100 ematea. Eta zortea alde daukagunean aprobetxatu beharko dugu, eta kontra dagoenean saiatu hori ahalik-eta ondoen defenditzen edo babesten. Erregulartasun batek garrantzi handia izango du, esan bezala, estropada asko daude eta. Nahiz eta denboraldia indartsu hasi, amaiera luze egiten bazaizu, hasieran irabazitako puntuak edukiko dituzu. Eta alderantziz, ahul hasten bazara, eta indartsu bukatzen baduzu, hasieran galdu dituzun puntuak gero irabazteko aukera daukazu. Hori izaten da betiko gatazka edo zalantza. Aurten oso erregularra izan eta urte guztian indartsu ibili beharko da gure helburua lortzeko”.
Lekeitioko taldean aldaketa bakarra egin dute, iazko taldetik arraunlari batek ez du segitu eta beste bat sartu da: “Gure lana egiteko filosofiagatik eta elkarteak dauzkan balioengatik etab. bertako jendeagaz lan egiten dugu, eta horrek daukan ezaugarrietako bat da normalean blokea mantendu egiten dela. Aurtengo taldea iazkoaren oso antzerakoa da. Urtez urte blokea jarraitzeak plus txiki bat ematen dizu, eta orduan, horri eusten diogu. Horretaz baliatzen gara urtetik urtera hobetzeko. Aurkariak ere hobetzen direnez, behartuta gaude bide horretatik jarraitzera”.
Osertz Aldai (Lekitarra-ren entrenatzailea): “Erregulartasunak garrantzi handia izango du; helburua mailari eustea da”
Denboraldi-aurrea, iazkoagaz alderatuta, “printzipioz normaltasun handiagoagaz” egin dutela esan du Aldaik. “Iazkoagaz alderatuta, beste baldintza batzuk eduki ditugu eta, egia esan, eskertu dugu”. Hala ere, besteak beste, konfinamendu perimetralen ondorioz, urte hasiera “gogorra” izan zela zehatzu du: ” Baina, behintzat, iazkoagaz alderatuz beste nolabaiteko lana egiteko aukera eduki dugu”.
Traineru guztiak baldintza berdinetan aritu dira entrenatzen, eta test batzuk egiteko aukera ere eduki dute. Iazkoaren aldean, aurten denboraldi hasierara sasoi hobean ailegatu direla uste du: “Ikusi beharko dena da lehia hasten denean zein erantzun ematen duen talde bakoitzak”.
Estropada gutxi batzuk egin dituzte, eta bakoitza ze sasoitan, ze mailatan dagoen ikusteko balio izan diete horiek eta, era berean, beste taldeen egoera zein den ikusteko ere bai: “Jaitsiera eta test horietan zaila izaten da pixka bat hausnarketak ateratzea. Bakoitzak bere testak egiten ditu, eta bakoitzak daki bere errendimendua zein den eta zer espero zuen. Alde horretatik, gure lanagaz gustura geratu gara. Besteekin alderatuz, argi dago, beharbada, gure arerio zuzenak direnak sendo ikusi ditugula. Horrek lanean jarraitu beharra sortzen dizu”.
Esate baterako, Ondarroak iaztik taldea hobetu duela ikusi du Lekittarra-ren entrenatzaileak, eta azkarrago dabilela: “Momentu honetan, gu atzetik puntu batera gaude oraindik. Haiek puntu bat aurrerago ikusi izanak erakusten digu egin beharreko lana gogorra izango dela”.
2019. urtean mailaz igo zen Zarautz ere hizpide izan du: “Gure beste aurkari zuzen bat da Zarautz, eta ikusi dugu bere denboratan gabiltzala, oso paretsu gabiltzala ikusi dugu. Horrek ere behartzen gaitu lanean gogor jarraitzera”.
Ondarroa, ilusioz eta gogotsu. Eusko Label Ligan dagoen Lea-Artibaiko beste taldea da Ondarroa, “ilusio handiko” taldea. “Ilusioa eta gogoa daukan jendea gara, nahikoa burugogor samarrak, eta amaierara arte borrokatzen duen taldea da Ondarroa. Alde horretatik entrenatzaile bezala oso gustura nago, ikusten dudalako mutilak beraien %100 saiatzen ari direla, eta estropadetan ere dena ematen dutela”, dio Iñaki Errasti Ondarroaren entrenatzaileak.
Haren berbetan, trainerua ondo ailegatuko da lehenengo asteburura: “Bai neguko lana eta udaberri honetan guk jarrita genituen helburuak betetzen joan gara, eta emaitza aldetik ere gustura gaude. Egin ditugun probetan, emaitzekin gustura egon gara”.
Orain arte jokatutakoaren arabera, talde batzuk indartsu daudela ikusi du: “Bakoitzak bere probak egiteko erabiltzen ditu, eta ez dakit beste taldeak ze egoeratan joan diren proba horietara. Asteburu honetan ikusiko da aurkariak nola dauden, benetan bakoitza ze mailatan dagoen”.
Aurtengo Ondarroa “talde motzagoa” da: “Iaztik bederatzi-hamar baja eduki ditugu. Bost etorri dira taldera. Aldaketa gutxiago egin ahal izateko taldea da, baina ditudan denak maila antzekoa dutenak dira. Denekin aldaketa ezberdinak egiteko aukera ematen dit. Alde horretatik, gustura gaude. Egia da aukeran talde motza daukagula, baina oraingoz, behintzat, lesioak eta errespetatzen ari dira, eta ea horrela moldatu gaitezkeen eta ez zaigun ezusteko handirik etortzen”.
Arraunlari gutxiago badaude ere, aurreko urteagaz alderatuta, orokorrean, gorengo mailan esperientzia daukatenak gehiago direla azaldu du: “Daukadan jendeak, agian, lehenengo maila honetan esperientzia gehiago dauka, eta lehenagotik dauden gazteek ere beste urte bat gehiagoko esperientzia daukate. Uste dut pixkanaka taldea ere esperientzia hartzen ari dela”.
Iñaki Errasti (Ondarroaren entrenatzailea): “Uste dut pixkanaka taldea ere esperientzia hartzen ari dela”
Ondarroako kideen helburua da aurreko urteko bederatzigarren postua hobetzea. Hori lortzeko bigarren txandan sartu beharko dutela nabarmendu du Errastik, jakinda, ez dela “erraza” izango. Bigarren txandan egoteak ematen duen “lasaitasunagaz”, uda honetan “gozatzeko aukera” edukiko luketela argi dauka.
Borroka, lehia handia egongo dela aurreikusten du ondarrutarren entrenatzaileak: “Esango nuke sei talde daudela hasiera batean, behintzat, hor goian ibiltzeko eginak, talde oso onak eta indartsuak dira. Sei horiek hor goian egon behar dutela ikusten da, eta beste guztiok helburu berdintsuagaz gaudela uste dut: atzeko postu horiek ahalik eta azkarren uzteko asmoagaz, eta jaitsierako arrisku horretan, play off-etara joateko arrisku horretan ez egoteko. Ikusi egin beharko da”.
Hiru talde galiziar daude aurten: “Orain arte eurekin ez gara lehiatu, eta asteburu honetatik aurrera ikusiko da benetan bakoitzak ze maila daukan. Baina uste dut sei talde egongo garela atzeko postu horietatik ahal den azkarren alde egin nahian”.
Errastik esan modura, estropadek jarriko dute bakoitza bere lekuan. Ligako hamazortzi bandera jokoan izango dituzte aurten, eta denetan daukaten onena emateko gogoz uretaratuko dira bertoko traineruak.