Markina-Xemeinen hasi eta amaituko dute Bizkaiko Itzuliaren 2. etapa
Junior mailako lasterketa gaur [uztailak 1] hasiko dute Balmasedan, eta domekan herri berean amaituko dute. Bihar lehiatuko dute 97 km-ko Markina-Xemeingo etapa.
Sei txirrindularidun 33 talde, 360 kilometro, hamazazpi mendate eta lau etapa. Gizonezkoen junior mailako Bizkaiko Itzulia lehiatuko dute gaurtik [uztailak 1] domekara [uztailak 1]. Lau etapetan bigarrenean, Lea-Artibaitik barrena ibiliko dira txirrindulariak.
Gaur, 17:15ean hasita, Balmaseda eta Gordexola artean 86,6 km egingo dituzte txirrindulariek. Gordexola, Artziniega, Menagarai eta Okondo arteko ibilbideari bi buelta emango dizkiete. Aurreko edizioetan modura, Menagaraiko igoera erabakigarria izan daiteke, pelotoia hausteko.
Markina-Xemeinen hasi eta amaituko dute 2. etapa, bihar. 16:30ean hasiko dute 97,1 km-ko etapa; Xemeingo aparkalekuan hasiko dute eta bertan egongo da helmuga ere. Lau etapetatik hori izango da nagusia. Milloitik hiru aldiz eta Lekoitztik bi aldiz pasauko dira, eta Gontzugarai ere igoko dute.
Markina-Xemeingo Txirrindulari Elkartearen kideen berbetan, etapa “gogorra” da: “Ibilbidea aldatu dugu Plazakolako obrengatik, eta COVIDa dela-eta, helmuga Xemeingo aparkalekuan izango da; lehen herrigunean egoten zen, herri erdi-erdian, baina, azkenengo lasterketetan Xemeinera aldatu dugu jendea ez pilatzeko. Lekoitzgane ere bi bider sartu dugu. Aldakentengatik dezente gogortu da lasterketa”. Batik bat helmugan jendea ez pilatzeko eskatu dute, lasterketaren burbuila errespetatzeko.
Herriko txirrindulari elkartearen ordezkariek esan dute “maila handiko lasterketa” dela: “Maila handiko txirrindulariak etortzen dira. Azken urteetan dezente etorri dira Espainiatik, Portugaletik, Ingalaterratik eta Belgikatik, adibidez. Gaur egun profesionaletan ikusten ditugu izar edo ezagun dezente pasatu izan dira. Profesional mailara salto egiteko bide horretan aukera bat da”.
Hain zuzen, aurten ere Frantziako, Portugaleko eta Ingalaterrako taldeek parte hartuko dute: “Beste urte batzuetan baino gaitzago eduki dute, eta baina etorri dira. Semiprofesional izendatutako talde batzuk daude, esan dezakegu talde profesionalen filialak direla. Beste urte batzuetan baino gutxiago daude”. Eskualdeko txirrindulariek ere parte hartuko dute, Ondarroako Aurrera txirrindulari taldekoak ariko dira lehian: “Eskualdeko txirrindularientzat ere aukera ederra da euren bideetan halako proba bat lehiatu ahal izatea”.
3. etapan, bi proba lehiatuko dituzte. Sopelan hasi eta amaituko dute 69,4 km-ko lasterketa. 10:00etan hasiko dute ibilbidea; udalerriaren eta Unberen artean bi buelta emango dituzte. Itzuli honen etapa klasikoetako bat da, eta normalean esprintean erabakitzen da.
Arratsaldean, berriz, erlojuaren kontrako lehia hartuko du Muskizek. 16:30etik aurrera lehiatuko dute 7,4 km-ko bakarkako erlojupekoa. Hasierako 6 km-ak guztiz lauak dira, eta 700 m eta %10eko desnibeleko horma gainditu beharko dute.
Azkenengo etapa da Bizkaiko Itzuliaren luzeena: 99,7 km. 10:05ean hasiko dute Balmasedan eta herri berean edukiko dute helmuga ere. Txirrindulariek ibilbidearen hasieran Balmaseda eta Zalla artean bi buelta egingo dituzte, eta ondoren, Umaran eta Avellanedatik pasatuta Balmasedara itzuliko dira, eta handik, berriro Avellanedara bueltatu eta Beci ere igoko dute. Azken ibilbide hori birritan egingo dute.
Balmasedako txirrindulari elkartea da ekimen honen promotorea, eta beste hainbat laguntzaileren artean daude Bizkaiko eta Euskal Herriko federazioa: “Markina-Xemeingo etapa txirrindulari elkartearen, udalaren eta denon arteko elkarlanagaz antolatzen dugu. 2000ko hamarkadan lauzpabost urtez jarraian antolatu genuen etapa, eta azken lau bat urteotan ere egin dugu, beti ere herriko jaien bueltan. Oso elkarlan gustugarria da, harreman oso ona daukagu”, adierazi dute Markina-Xemeingo Txirrindulari Elkartearen kideek.