Ondarroako Time To Roots musika zigiluak prest dauka hirugarren diskoa
'Garfield Treasure Meets Dub Wizards: Tools' hirugarren lanaren lehendabiziko singlea ezagutzera eman dute gaur. Hurrengo bi kantuak datozen asteetan entzugai ipiniko dituzte; kantuak bi astetik behin joango dira ezagutara ematen.
Ondarroako Radixu Irratiako Time To Roots irratsaiotik jaiotako Time To Roots musika zigiluak ekoiztutako Garfield Treasure Meets Dub Wizards: Tools hirugarren lanaren lehendabiziko singlea entzuteko aukera dago sarean. Gaur [uztailak 1] estreinatu dute Tools izeneko kantua. “Singlea Time To Roots zigiluaren bandcamp orrialdean entzun daiteke. Geroago plaforma digital guztietan entzuteko aukera egongo da”.
Jon Cagiao Time To Roots musika zigiluaren bultzatzaile ondarrutarrak azaldu duenez, kantu beraren hiru bertsio egin dituzte. “Tools kantuaren ahots bertsioa, dub bertsioa eta saxofoiagaz lagundutako beste bertsio bat sortu ditugu. Gaur kaleratu dugun lehen kantua ahots bertsioa da. Hilaren 15ean dub bertsioa emango dugu ezagutzera eta hilaren 29an, berriz, saxofoiagaz lagundutakoa”. Cagiaok gaineratu duenez, “talentu handiko” artista bategaz aritu dira oraingoan lankidetzan, Kingston-en (Jamaika) bizi den Garfield Treasure abeslariagaz, hain zuzen. “Nazioarte mailan egin dugun bigarren kolaborazioa da; oso pozik gaude”.
Lanari bestelako ukitu bat emate aldera, eurek sortutako musikagaz sortu dituzte kantuak. “Lehen George Palmer eta ni geunden bakarrik, baina orain saxofoia, gitarra, perkusioa… eta beste hainbat instrumentu jotzen dituzten musikariak batu dira proiektura. Banda antzerako bat sortzea erabaki dugu: The Dub Wizard. Ordenagailuak alde batera laga, eta kantuetako musika instrumentalizazioa geuk jotako instrumentu errealekin sortzen hasi gara, sortzen dugun musika, organikoagoa izateko”.
Proiektua borobiltzeko, EP formatuko zazpi hazbeteko binilo bat kaleratuko dute, edizio mugatuan. “Irailean edo urrian biniloa kalean egotea espero dugu. Ahots eta saxofoi bertsioak jasoko ditu bakarrik; dub bertsioa digitalki lortu ahal izango da”. Biniloa eskuratu nahi dutenek aldez aurretik eskatu beharko dute kopia Time to Roots zigiluko arduradunekin sare sozialen zein plataforma digitalen bidez harremanetan jarrita.