Ondarroatik Lekeitiora, euskara bidelagun dela
Uemak antolatutako topaketetan parte hartzen ari dira 14 eta 18 urte bitarteko hainbat gazte.
Ondarroatik Lekeitiorainoko bidea egiten ari dira udalerri euskaldunetako hainbat gazte. Uemak antolatutako topaketetan parte hartzen ari dira 14 eta 18 urte bitarteko gazteak eta, pausoz pauso, topaketetako laugarren etapa egiten ari dira dagoeneko.
Zazpi egunez, norbanakotik komunitatera, arrotzetik harrotzera, inertziatik kontzientziara eta arnasestuetatik arnasguneetara salto egin dute parte-hartzaileek. Euskararekiko kontzientzia zabalduz, elkarrekin Gipuzkoako eta Bizkaiko kostaldea zeharkatu dute. Zumaian hasi zuten ibilbidea ekainaren 28an. Ondarroara ekainaren 29an heldu ziren, eta atzo [uztailaren 1ean] hartu zuten Lekeitiorako bidea. Uztailaren 3an helduko dira bertara, eta hurrengo egunean nor bere etxera bueltatuko da.
Hain zuzen, udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta eragile aktibo bihurtzea da topaketen helburua. COVID-19ak eragindako pandemiagatik, iaz bertan behera utzi zituzten topaketok. Aurten, segurtasun eta osasun neurriak errespetatuz antolatu dituzte.