Uztailaren 2tik abuztuaren 22ra izena eman daiteke Ibaiondoko aparkalekuetarako
Eskaerak, ohi modura, udaletxeko erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira. Pertsona bakoitzeko eskaera bat aurkeztu ahal izango da. Onartutakoen artean zozketa publikoa egingo da bakoitzari dagokion partzela emateko.
Txomin Agirre ikastolaren sotoan dauden aparkalekuetan izena emateko hirugarren deialdia zabalduko du bihar [uztailak 2] Ondarroako Udalak; abuztuaren 22a izango da izena emateko azken eguna. Aparkatzeko partzelak orain arte 30 urterako hartzeko aukera zuten herritarrek, baina orain bost urterako emakidan hartzeko aukera ere zabaldu dute. “Izena emateko epealdian norbaitek 30 urterako emakidaren eskaria egin nahi izanez gero, aukera hori ere zabalik egongo da”. Bi solairutan banatuta dauden 137 aparkalekuetatik 106 geratzen dira libre; horietatik hiru mugikortasun murriztua duten pertsonak garraiatzen dituzten ibilgailuentzat daude gordeta.
Eskaerak, ohi modura, udaletxeko erregistro orokorrean (Kantoipe kalea, 3) aurkeztu beharko dira, astegunetan 09:00etatatik 14:00etara bitartean. Azpimarratu dutenez, epez kanpo aurkezten diren eskabideak ez dituzte onartuko. Oinarrietan agertzen den eran aurkeztu beharko dira eskaerak: eredu ofiziala beteta eta sinatuta. Nabarmendu dutenez, pertsona bakoitzeko eskaera bat aurkeztu ahal izango da.
[Ikusi HEMEN baldintza pleguen laburpena]
Eskabide paper ofizialagaz batera hurrengo dokumentazioa aurkeztu beharko da: NANa eta mugikortasun murriztua daukatenentzako gordetako partzelaren bat eskatzekotan Ezinduentzako Txartela. Euren zergak Ondarroan ordaintzen dituzten enpresen ibilgailuen kasuan, eta ibilgailua darabilena titularra ez den kasuetan, enpresako gerente edo administratzailearen ziurtagiria ere aurkeztu beharko da, “ibilgailua norberak bakarrik erabiltzen duela ziurtatzeko”. Kasu horietan ibilgailuaren zirkulazio baimena ere aurkeztu beharko da.
Prezioei dagokienez, bost urterako emakidak 3.500 eurotan (3.745 euro guztira) eskuratu ahal izango dira eta 30 urterako emakida, ostera, 14.600 eurotan (15.622 euro guztira), “partzelaren kokalekua edozein delarik ere”. Gogorarazi dutenez soilik ibilgailu partikularrak sartu ahalko dira aparkalekuetan.
Aurkezten diren eskabide guztiak Aukeraketa Mahaiak onartu edo baztertuko ditu. Onartutakoen artean zozketa publikoa egingo da bakoitzari dagokion partzela emateko; lekua eta data aurrerago zehaztuko dituzte. “Mugikortasun murriztua duten pertsonentzako aparkaleku plazei dagokienez, aparteko zozketa bat egingo da”.
Ikusi HEMEN baldintza pleguen laburpena.