Mater ontzi museoak ‘Zero zabor uretan’ kanpaina dakar Ondarroara eta Mutrikura
Osasun larrialdiak itsas hondakinen arazoa gehitu egin duela diote. Ondarroara eguenean [uztailak 8] helduko da, eta zapatura arte egongo da. Mutrikun uztailaren 20tik 22ra bitartean egongo da.
COVID-19ak sortutako osasun larrialdiak itsas hondakinen arazoa gehitu egin duela eta, Mater ontzi museoak Zero zabor uretan kanpaina bultzatuko du uztail osoan euskal kostaldeko hainbat herritan. Hondarribian eta Getarian egon eta gero, eguenean [uztailak 8] Ondarroara ailegatuko da ontzi museoa, eta zapatuan [uztailak 10] Bermeorantz abiatuko da. Mutrikun, aldiz, uztailaren 20tik 22ra egongo da.
Orain arte ez modura, herritarrak arazoaz kontzientziatzeko hainbat jaduera eskainiko ditu Materrek: ontzi museora bisita gidatuak, erakusketa (portuan), itsas hondakinen bilketa, proiekzioak, topaketak… Zehaztu dutenez, ontzi museoak bisitatzen dituen portu guztietan egingo dute hondakin bilketa. «Horrez gain, Ondarroan eta Mutrikun itsas hondakinen bilketa ere egingo dugu; azken horretan badian egingo dugu». Hondartzako mikroplastikoen analisia, aldiz, Ondarroan eta Mutrikun egingo dute. Ekintzen inguruko informazio gehiago nahi izanez gero, ontzi museora deitu (619 81 42 25) edo idatzi daiteke (info@mater.eus).
Herritarren inplikazioa. Esan dute herritarrek ekintzetan parte hartzea «oso garrantzitsua» dela. «Itsas hondakinen % 80 lurreko hondakinen kudeaketatik eta gizartearen kontzientziazio eta konpromiso faltatik dator. Horregatik, oso garrantzitsua da kontsumo ohiturak aldatzen hastea, itsasora eta itsasotik geure gorputzera iristen diren hondakin gehiago eta gehiago prebenitzeko. Beraz, aldaketa ahalbidetzeko garrantzitsua da herritarrek parte hartzea».
Oro har, zabaldu nahi duten mezua ondokoa dela esan dute: «Hondakinik onena, sortzen ez dena».