Mutriku bosgarren sailkatu da 560 kiloko lehenengo jardunaldian
Ezustekorik barik doa aurrera 2021eko Lur Gaineko Euskadiko Sokatira Txapelketa. 560 kiloko kategorian murgildu dira asteburuan. Lehenengo jardunaldian Mutriku bosgarren sailkatu zen, zapatu arratsaldean [uztailak 3], Laukizen.
Mutriku Sokatira Taldeak gutxitan parte hartu izan du aipatu kategorian. “Pisuan pentsatu baino hobeto sartu gara; ezustekoa izan zen ia gu izan ginelako pisu gutxien eman zuen taldea. Mutrikuk 560an gutxitan izena eman du, beti pisu handikoak izan gara gu eta”, adierazi du Jabi Urresti taldekideak.
Zapatuko saioa esperotako moduan joan zela dio. Akelarrerekin eta Gaztedi Crekin lehian aritzea espero zuten, eta horrela izan zen. Orain arteko dena irabazi duen Gaztedi A etxeko taldeak lortu zituen puntu gehien, eta atzetik Goiherri, Gaztedi B eta Akelarre sailkatu ziren. “Lehenengo postua oso borrokatua izan zen, Gaztedi Ak eta Goiherrik berdindu zuten. Gaztedi Ak eta Goiherrik bana irabazi zuten, gero, Gaztedi Bk eta Goiherrik ere bana irabazi zuten, baina Gaztedi Bk Gaztedi Aren kontrako biak galduta zituenez, horrek erabaki zuen puntuen banaketa”.
Sailkapeneko lehenengo bien artean lehia estua izaten ari dira txapelketaren kategoria denetan, eta beraz, 560ko txapela lortzeko ere horrela izatea espero da. Taldeki asko dituzte, eta talde oso onak osatu dituzte biek ala biek, talde lehiakorrak osatuz. “Txapelketa hortxe egongo da, aurreko hiru postuetan eurak geratuko dira, eta atzean, Akelarre, Gaztedi C eta Mutriku lehian ibiliko gara. Ea beste itxura bat ematen dugun. Lesionatuta daukagun tiralariak ea alta jasotzen duen, eta ea zapatu honetan jokatu ahal duen, edo bestela finalerako sartu nahi nuke”.
560 kiloko bigarren jardunaldia zapatuan [uztailak 10] jokatuko dute Erandioko Goierri auzoan. 17:00etatik aurrera berriz ere sei taldeak denek denen aurka lehiatuko dira. Ikuslerik barik egingo dute.
Uztailaren 17an Laukizen jokatuko dute hirugarren eta azken jardunaldia, eta orduan argituko da zein den aurtengo txapelduna. Aurreko zapatuan modura, finalaren egun horretan ere, seguruenik, publikoaren aurrean arituko dira. “Pasadan zapatuan Laukizen aritu ginen, eta publiko asko etorri zen. Udal bakoitzak aukeratzen du. Finala ere Laukizen denez, uste dut ikusleekin egingo dugula”.
Mutrikuk uztailaren 17an amaituko du txapelketa, 580 kilotan ez baita lehiatuko; kategoria misto hori egun bakarrean (uztailak 23) lehiatuko dute, Gatikan. Txapelketa luze doa, eta pisua jaisten aritzeak ere eragina dauka sokatiralariengan: “Zenbat eta pisu gutxiago, gehiago estutu behar da, eta antsietate hori gainditu egin behar da, jateko antsietatea sortzen du gorputzak”.
Lur Gaineko Munduko Sokatira Txapelketara begira daude. 2020ko irailean lehiatu behar zuten, baina pandemiaren eraginez urtebete atzeratu zutenez, irailaren 15etik 19ra jokatuko dute. Beraz, pare bat hilabete edukiko dute buru-belarri prestatzeko: “Ze kategorietara joango garen, ze talde eroan… Guk ez dugu aukera handirik, 640 edo 560 kategorietan izena eman dezakegu. 680 eta 720 pisu handiegiak dira guretzat. Guk nahi dugun taldea 560an sartzeko pisuak zehaztu behar dira, bakoitzak ze pisu eduki behar duen zehaztu behar dugu. Agian, taldeko gazte batzuk selekzioagaz aritzeko aukera edukiko dute, eta horregatik ere pixka bat poztu dira”.