Ondarroak zortzigarren eta Lekittarrak hamaikagarren hasi dute liga
Santurtzik bandera eta lidergoa bereganatu ditu Galizian. Bandeira Cidade A Coruñan zortzigarren sailkatu da Ondarroa eta Lekitarra hamaikagarren.
Eusko Label Ligaren lehenengo asteburuan Santurtzik bandera eta lidergoa bereganatu ditu Galizian. Bandeira Cidade da Coruñan Ondarroa zortzigarren eta Lekittarra hamaikagarren sailkatu dira.
Ligaren lehen jardunaldian, zapatuan [uztailak 3], Hondarribiak irabazi zuen estropada, eta atzo [uztailak 4], ostera, Urdaibai izan zen azkarrena. Bi jardunaldietan bigarren sailkatuta irabazi du A Coruñako bandera Santurtzik.
Ondarroak seigarren amaitu zuen zapatuko estropada, eta atzo, berriz, 11.en sailkatu zen. Lekeitioko taldea azkenengo postuan sailkatu zen lehenengo jardunaldian, eta atzo estropadan zazpigarren geratu zen.
Banderaren sailkapenean, Santurtziren atzetik, Hondarribia, Zierbena, Donostiarra eta Orio sailkatu dira, hurrenez hurren. Hain zuzen ere, Donostiarra handienen artean ibili da asteburuan (laugarren eta bosgarren sailkatu da), eta ondorioz, sailkapen orokorrean hirugarren sartu da, 17 puntugaz. Santurtzi liderrak 22 puntu ditu, eta hiru gutxiago ditu Zierbena bigarren sailkatuak.
Ondarroak zortzigarren postuan amaitu du lehenengo asteburua, bederatzi puntugaz, eta puntu kopuru bera dauka Cabo bederatzigarrenak. 11. da Lekittarra, zazpi puntugaz, eta puntu bakarrera dauka Zarautz, aurretik, eta Tiran, atzetik.
Orio nagusi emakumezkoetan. Bestalde, Euskotren Ligan, Oriok irabazi du IV Bandeira Cidade da Coruña. Bera izan zen atzoko azkarrena. Lehen jardunaldian, ostera, Arraun Lagunak izan zen estropadaren irabazlea 11:26.06. Atzetik, Donostiarra bi segundotara geratu zen, Orio hirugarrena bost segundora eta azken postuan helmugaratu zen Hondarribia 31 segundora.