Portugaletek irabazi du Mutrikuko bandera
Mutriku bosgarren sailkatu da etxeko estropadan. Bestalde, ETE Ligan, Ondarroa seigarren eta Isuntza zazpigarren sailkatu dira asteburuko bi estropadetan.
Mutrikuko V. Yurrita Bandera Portugaletek irabazi zuen zapatu arratsaldean [uztailak 3], eta, ondorioz, talde bizkaitarrak KAE 2 Ligaren lidergoari eusten dio. Mutriku bosgarren sailkatu zen.
Estropada irabazleak 20 minutu, 31 segundo eta 33 ehunenetan amaitu zuen, eta harengandik hamazazpi segundo eta 65 ehunenera sailkatu zen Busturialdea bigarrena. Etxeko arraun taldeak 20 minutu, 55 segundo eta 69 ehunenetan amaitu zuen estropada.
Mutrikuko garaipenagaz lidergoan sendotu da Portugalete, 27 puntu ditu, Busturialdea bigarrenak baino bi puntu gehiago. Mutriku laugarrena da Hondarribia hirugarrenagaz eta Donostiarra bosgarrenagaz hogei puntura berdinduta.
ETE Liga. Bestalde, KAE 1 eta ETE ligetan Donibane Lohizunen eta Portugaleten lehiatuko dituzte asteburuko estropadak.
ETE Ligan, Ondarroa seigarren eta Isuntza zazpigarren sailkatu dira bietan, eta sailkapen orokorrean ere postu horietan daude; 25 puntu ditu talde ondarrutarrak eta 21 puntu talde lekeitiarrak. Tolosaldeak irabazi ditu bi banderak, eta lidergoari eusten dio 43 puntugaz. Deusto bigarrenak 39 puntu ditu.