50 kultur eta kirol ekintza izango dituzte uda honetan Lekeition
Inguruko taldeei babesa ematea helburu, parte hartuko duten taldeak euskaldunak izango direla azaldu dute, herrikoak eta ingurukoak. Segurtasun neurri guztiak bermatuko dituzte.
Kultur eta kirol ekitaldiz beteriko egitarau oparoa prestatu dute Lekeition udara begira. Jendeak ikuskizunetara joateko grina daukala ikusita, kulturaz eta kirolaz gozatzeko aukera eskaini nahi izan du udalak, segurtasun neurri guztiak kontuan hartuta. “Osasun egoera hobetzen doan heinean, ekintzak antolatzeko aukera zabalagoa ematen digu. Baina ez dugu ahazten oraindik ere egoera ez dela guk nahiko genukeen bezain ona eta segurtasun neurri guztiak hartuko direla denon osasun ona bermatzeko”, adierazi dute.
Parte hartuko duten taldeak euskaldunak izango dira, salbuespen bakarra Kaleka Lekeitioko Nazioarteko Kale Arteen jaialdia izango da, bere izaera dela eta nazioarteko taldeak ekartzen dituztelako.”Kultura sektoreak asko sufritu du hilabete hauetan zehar eta gure inguruko taldeei babesa eman nahi diegu”.
Horrela, joan den asteburutik dago martxan udako egitaraua. Silitia eta Ezpalak taldeen kontzertuak eta Izaroren abestiekin Lekeition grabatutako Lara Izagirreren Nora filmaren aurkezpenaz gozatzeko aukera izan dute lekeitiarrek. Horiez gain, beste hainbat ekitaldi edukiko dituzte aurrera begira ere. Izan ere, 50 ekitaldi prestatu dituzte guztira, datozen hilabeteetarako.
Musikari dagokionez, Sua, Olatz Salvador, Eñaut Elorrieta, Ruper Ordorika eta Lekeitioko Nabil eta Jabi Patxon taldeen kontzertuak egongo dira, eta Lekeitioko Musika bandaren kontzertuez ere gozatu ahalko da. Uztailean, esaterako, McOnak talde lekeitiarra eta Golden Apple Quartet-en kontzertuak egongo direla aurreratu dute. Umeentzako ikuskizunak eta antzerkiak ere ez dira faltako. Uztailaren 20an Elkanoren Mundubira antzerkia eskainiko dute.
Kirolean estropadek protagonismo handia edukiko dute. Datorren domekan [uztailak 11] Uribarren Abaroa Fundazioko ETE Emakumeen Ikurrina lehiatuko da, uztailaren 14an Bizkaiko traineru txapelketa, uztailaren 21ean Euskadiko traineru txapelketa eta uztailaren 25ean 36. El Correo ikurrina – Kutxabank Sari Nagusia – Lekeitioko Udala ACT-TKE ligako estropada.
Abuztuan, beste batzuen artean, umeentzako antzerkiak, Nabil eta Olatz Salvadorren kontzertuak, musika bandaren Gau Magikoa, dantza solte txapelketa eta zesta punta txapelketa egongo direla jakitera eman dute, eta irailean ere egitarau zabalarekin jarraituko dute. Kontzertuei dagokionez, 80ko hamarkadako tributua, Ruper Ordorika, Eñaut Elorrieta, Idoia Asurmendi, Puro Relajo eta Javi Patxon egongo dira Lekeition. Urtero modura bertso saio bat ere antolatuko dute.
Kirol arloan, berriz, Kutxabank esku pilota torneoa eta zesta puntako Lekeitio Hiria txapelketa jokatuko dira. Irailaren 25ean Ondarru-Lekitto lasterketa egingo dela iragarri dute, eta urrian Lekeitioko Nazioarteko 28. Triatloia.