Desagertutako urpeko arrantzalearen bila jarraitzen dute Lekeition
Ertzaintzak jakitera eman duenez, AZTI zentro zientifiko-teknologikoaren barku bat ere ari da bilaketa lanetan, larrialdi zerbitzuekin batera. Gaur [uztailak 6] goizeko lehen orduan berrartu dute bilaketa.
Domeka arratsaldean [uztailak 4] urpeko arrantzale bat desagertu zen Lekeitioko Santa Katalina itsasargiaren parean. Bi lagun zebiltzan arrantzan gune horretan, eta batek bestearen arrastoa galdu zuen. Ertzaintzari abisua 17:45 aldera eman zion.
Zarauztarra da desagertua, eta 24 urte ditu. Bi urpekariak adituak dira, eta urteak daramatzate horretan.
Berehala jarri ziren abian bilaketa lanak, baina atzo behintzat ez zuten arrantzalea topatu; gaur 08:30ean berriz ekin diote bilaketari. Ertzaintza, Larrialdi Zerbitzuak, Ondarroako Gurutze Gorriaren Itsas Salbamenduko zerbitzua eta Lekeitiko sorosleak dabiltza lanean, helikoptero batekin eta urpekariekin, 25 metro inguruko sakoneran. Horrez gain, Madriletik iritsitako Guardia Zibilaren GEAS urpeko jardueren talde berezia ere bilaketa lanetan ari da.
Ertzaintzak jakitera eman duenez, AZTI zentro zientifiko-teknologikoaren barku bat ere batu da gaur bilaketa lanetara, larrialdi zerbitzuekin batera. Batimetrian espezializatuta dagoen eta urpeko kartografiarako doitasun handiko sonar bat duen ontzi bat da. Gaur [uztailak 6] goizeko lehen orduan berrartu dute bilaketa.
— UVR Ertzaintza (@UvrErtzaintza) July 5, 2021