Lehen ezarrita zeukan errekorra hautsi du Ager Solabarrietak
Ondarrutarrak FEDC Kopako txapela eskuratu du euskarri gabeko 60 tiro etzandako eta zutikako kategorietan. Txapelketan, gainera, etzandako kategorian 2020ko abenduan ezarri zuen Espainiako errekorra gainditu berri du.
Ager Solabarrieta eta Maite Badiola (erdian), FEDC Kopako finalistekin batera. Argazkia: Ager Solabarrieta. Ager Solabarrieta Txakartegi Ondarroako tiratzaile olinpikoak maila bikaina erakutsi du asteburuan Toledon jokatu den I. FEDC Kopan. Kirol egokituan aritzen den ondarrutarrak, 2020ko abenduan Espainiako Tiro Txapelketan ezarritako Espainiako errekorra gainditu berri du euskarri gabeko 60 tiro etzandako kategorian. Txapelketa irabazteaz gain, bere errekor pertsonala 5,3 puntutan hobetzea lortu du. Ondarrutarrak 619,6 puntu lortu zituen zapatuan [uztailak 3]. “Oso kontzentratuta eta gustura bota nuen”.
Egindako ahalegina igarri dela esan du eta lehendik ezarrita zuen emaitza “nabarmen hobetuta” pozik dagoela nabarmendu du. Kategorian berean ezarrita duen munduko errekorra ere gainditu zuen. 610,7 puntutan dauka ezarrita errekorra, baina mundu mailako proba ofiziala ez denez, ezingo du marka berria modu ofizialean erregistratu. Nolanahi ere pozik agertu da. “Txapelketa honetan lortutako emaitza ez da munduko errekorrerako aintzakotzat hartzen, emaitza bakarrik Espainiako errekorrerako edukiko dute kontutan. Baina lehen dudan emaitza hobetuta pozik nago”.
Domekan [uztailak 4] jokatu zen euskarri gabeko 60 tiro zutikako kategoriako txapela ere ondarrutarrarentzat izan zen; 573 puntu lortu zituen. “Domekan sekulako beroa egin zuen, 35 gradu inguru egon ziren, eta horrek zer edo zer eragin zidan. Aurreko hilabeteetan 580 puntutik gora ibili naiz, baina beroaren eraginez, nire ohiko maila baino zer edo zer emaitza txarragoa lortu nuen”.
Txapelketara begira zituen aurreikuspen guztiak gainditu ostean, balorazio oso positiboa egin du. “Etzandako kategorian ez nuen hainbesteko emaitza onik espero, baina entrenatzen egon naizen modura, podiumean egoteko esperantza banuen. Asteburu borobila izan da”.