Isuntza eta Ondarroa, harrobiaren indarragaz bogan
Isuntzak eta Ondarroak ekainaren 19an hasi zuten ETE Liga, eta domekan [uztailak 11] II. Uribarren Abaroa Bandera lehiatuko dute Lekeition, 12:00etan hasita. Hemen Aitziber Galletebeitia arraunlari lekeitiarrak eta Nagore Osoro ondarrutarrak kontatutakoak!
Harrobiko lanari esker ETE Ligan lehian ari dira Isuntza eta Ondarroa. Ekainaren 19an liga hasi zutenetik, bost jardunaldi lehiatu dituzte, eta asteburuan Donostian eta Lekeition uretaratuko dira traineruak. Azken horretan, domekan, 12:00etan hasiko dute II. Uribarren Abaroa Bandera.
Etxekoak beti egiten du ilusio gehiago, baina presioa eta urduritasuna ere handiagoa izaten da. Horri buelta ematen ahaleginduta, “lan polita” egitea dute helburu Isuntzakoek. “Norbere etxean estropada egitea beti da berezia. Buruagaz jokatu, eta ea herriaren aurrean erakusten dugun hemen gaudela; mutilen antzera gu ere hemen gaudela arraunean, berdin-berdin entrenatzen, eta emaitza onak lortu ahal ditugula”, dio Aitziber Galletebeitia arraunlari lekeitiarrak.
Estropadaz estropada hobetzen doazela igarri dute, eta aurtengo helburu nagusia da denen artean lan polita egitea eta trainerua aurrera ateratzea: “Eta batez ere ikastea geure buruan sinisten. Sinisten badugu, gauza politak lortu ahal ditugu”. Ondo egindako lanagaz, estropadak sentsazio onekin amaitzea nahi dute: “Jendeak irabaziko digu gu baino hobea delako, baina guk daukagun dena ematea, emaitza onak lortzea eta emaitzekin gustura sentitzea da asmoa; gure esku dagoen dena egitea”.
Trainerua betetzera ailegatuko zirenaren zalantzak eduki zituzten neguan, eta apiril-maitzean erabaki zuten “ofizialki trainerua aterako” zutela. Harrobiko gazteekin batuta osatu dute taldea. Galletebeitiaren hitzetan, denak batera askorik entrenatu barik, emaitzak “pentsatu baino politagoak” izan dira: “Guretzat pozgarria izan da ikustea sailkapenaren erdi partean gaudela. Neguan, batez ere, aurreko urteetan ibili garenok entrenatu genuen, eta Ondarroatik, Elantxobetik, Deustotik… etorri zaigu jendea. Gazteek euren batelak eta trainerillak egin dituzte, eta trainerillak amaitzean, baiezkoa eman zuten”.
Gazteentzat aukera ederra da eurekin lehiatu ahal izatea, ikasteko aukera, eta lehen traineru horretara saltoa emateko esperientzia hartzeko balio die: “Gure helburuetako bat ere bazen gazteei aukera ematea eta motibatzea, eta era berean, talde polita osatzea eta giro ona edukitzea. Emaitzak batzuetan ez dira izango guk nahi ditugunak, baina denon artean ikasiko dugu”.
Aitziber Galletebeitia (Isuntza): “Geure buruan sinistuta, gauza politak lortu ahal ditugu”
Denboraldia luzea da, eta hasi baino ez dute egin. Talde batzuk oso indartsu ikusi dituzte: “Arraunean urteak daramatzate, abilak dira eta jada bloke sendoa daukate. Nahiz eta guk gure lanak ondo egin, uste dut horiek pauso batzuk aurrerago doazela; gurea moduko talde hasiberri bati bandera irabazten erraz ez diote utziko. Bagenekien Tolosaldea aurten ere indartsu ibiliko zela, eta bandera asko irabaziko zituela. Taldeko gehienoi Deustok emandako saltoak harritu gaitu, ez dago Tolosaldeari gauzak erraz uzten”.
Lea-Artibaiko bi arraun taldeak sailkapenaren erdialdean daude. Seigarrena da Ondarroa (31 puntu) eta sei puntura dauka San Juan bosgarrena. Isuntza zazpigarrena da (26 puntu), eta zazpi puntu gutxiago ditu Lutxana zortzigarrenak.
Ondarroak nahikoa denbora aterako ziela pentsatzen zutela zehaztu du Galletebeitiak: “Eta azkenengo estropadetan ikusi dugu ez dela horrela, batzuetan segundo bat atera digute, beste baten guk haiei… Pentsatu baino hurbilago daudela konturatu gara, eta hor ibili ahal garela. Txandan San Juan, Lutxana eta Ondarroagaz gabiltza elkarrengandik segundo batzuetara”.
Nagore Osoro Ondarroaren entrenatzaileak eta patroiak dio aurten inork ez duela denborarik galdu eta denak “bide berari segitzen” ari direla: “Hasieran pentsatzen genuen hobeto ibili ahalko ginela, aurre-denboraldian estropada oso onak egin genituelako. Baina, lehiak beti jartzen du bakoitza bere lekuan, eta ikusi da aurten inork ez duela ezer oparituko, eta beste taldeak ere gorantz etorri direla. Iaz ikusi zen batzuek ez zituztela etxeko lanak ondo egin, eta beste batzuek ondo egin genituela. Horrek udan plus bat eman zigun”.
Tolosaldea eta Deusto “pixka bat gorago” ikusi dituzte, eta beste denak atzetik “oso indartsu” daude: “Ikusi dugu gure beharra ondo egiten badugu, ez gabiltzala oso aparte. Sei talde nahikoa paretsu gabiltza, eta egun on bat edukiz gero, edo kale on bat suertatuz gero, edo estropadaren baldintzak alde edukiz gero, inork ez ditu segundoak eta puntuak oparitzen”. Dena ondo egin dutenean aurrean ibili direla azpimarratu du ondarrutarrak. “Asteburuan bi seigarren postu egin genituen, baina bietan inork nahi ez zituen kaleetatik. Dena alde duzunean goian ibili ahal zara, eta egun batean gutxieneko hutsegite edo akats bat eginda, atzetik daudenak pasatzeko prest daude. Goikoek huts egiten dutenerako ere gu prest gaude gora egiteko. Liga oso-oso estu ikusten da, jokatzeko ez hainbeste, baina ikusteko polita”.
Nagore Osoro (Ondarroa): “Liga oso-oso estu ikusten da; sei talde nahikoa paretsu gabiltza”
Helburuak “gutxika-gutxika” ipintzen ari dira, egunetik-egunera gauzak “asko aldatzen” direlako. Iazkoa hobetzea nahi dute, “baina oso-oso gaitza izango da”. Orain dela hilabete 20 pertsonako taldea zuzentzen zuen, baina bost arraunlarik taldea laga berri dute batera. Iazkoa hobetzeko erronka lortzea “konplikatu” zaienez, helburuak dira lana ondo egitea, arraunean gozatzea, estropadaz estropada gustura geratzea eta entrenatzera eta estropadetara gogoz joatea. “Bost ordezko genituen eta orain bi ditugu . Urte batetik bestera gauzak asko aldatzen dira emakumezkoen traineruetan, eta talde oso gazteekin gabiltzan klubei halako gauzak pasatzen zaizkigu. Gazteak gazteak dira; aukera hau ematen zaienean batzuek hasieratik balioa eman, aprobetxatu eta konpromisoa hartzen dute, eta beste batzuek ez dute hain garrantzitsua ikusten, edo ez dakite aurrez hartu duten konpromisoa betetzen. 16-17 urtekoekin zabiltzanean, ezin duzu pentsatu zuk jokatuko zenukeen moduan jokatuko dutenik. Ezin dugu ezer egin, ditugunekin aurrera egin behar dugu, eta dauden arraunlariei balio gehiago eman”.
Banderak lortzea eta dena “oso garesti” egongo dela deritzo Osorok: “Gauza asko batera gertatu beharko lirateke banderaren bat irabazteko. Guk gure onena egitea, eta gure esku egoten ez diren gauzak gure alde jaustea: kale ona egokitu, eguraldia alde eduki, txanda batetik bestera dauden aldea ezin dira izan hain nabarmenak… eta halako gauza asko pasatzen ari da. Momentu eta leku egokian egotea tokatu behar zaizu. Bost talde ditugu aurretik, bat edo bi badituzu, errazagoa da horiek huts egitea, baina bostek batera huts egitea ez da erraza. Saiatuko gara eta, behintzat, gure aurretik egitea inori ez diogu erraz ipiniko”.