Lekeitiora ailegatu da 'Artearen Ibilbidea' erakusketa ibiltaria
Erakusketak, guztira, 36 artelan biltzen ditu. Uztailaren 12ra arte egongo da erakusketa Lekeition ikusgai.
Independentzia plazan dago ikusgai BBK Fundazioak eta Bilboko Arte Ederren Museoak elkarlanean antolatutako Artearen Ibilbidea II erakusketa ibiltaria. Ekimenak artea herritarrengana hurreratzea eta museoaren bildumarik oparoena bere aretoetatik harantzago zabaltzen laguntzea du helburu, eta beraz, Kirmen Uribe idazle ondarrutarrak asmatutako ABC. Bilboko Museoaren alfabetoa bilduma iraunkorraren lanik aipagarrienen hautaketa bat ezagutzeko aukera edukiko dute egunotan lekeitiarrek.
Erakusketak, guztira, 36 artelan biltzen ditu, eta artelan bakoitzak bere iruzkina dauka, QR kode baten bidez jaitsi daitekena. Besteak beste ondorengo artisten erreprodukzioak biltzen ditu: Paul Gauguin, Isabel Baquedano, El Greco, Agustin Ibarrola, Xabier Morras, Ramon Zubiaurre, Antonio de Gezala, Aurelio Arteta, Jesus Mari Lazkano, Menchu Gal, Diego de la Cruz, Mari Puri Herrero, Kokoschka, Goya eta Zurbaran. Uztailaren 12ra arte egongo da erakusketa ikusgai Lekeition.