Mutrikuko Casacampo eremuko pasealekua itxita dago, lanengatik
Tunelaren hegaleko horma egonkortzeko lanak uztailaren 20ean amaitzea aurreikusten dute. Makinak lanean ari diren tartean dago itxita gunea.
Mutriku-Deba zubiaren alboan dagoen pasealekua itxita dago egunotan. Urazamendi auzoan, Casacampo deritzon eremuko pasealekuaren sarreran dagoen hormak hainbat arrakala zituen eta tamaina handiko harriak ere jausten hasita zeuden. Tunelaren hegaleko hormaren zati gehiago behera erortzeko arriskua saihestu eta arazoari irtenbidea emateko asmoz, horma egonkortzeko lanak hasi dituzte.
Obraren tokiaren ezaugarriak kontutan hartuta, makinak lanean ari diren tartean itxita egongo da pasealekuaren zati hori. Zehaztu dutenez, 08.00etatik 18:00etara egongo da itxita. Udal iturriek gaineratu dutenez, aurreko astean hasi ziren lanekin. Geotunel enpresari esleitu zaio obra, eta aurreikuspenak betetzen badira, uztailaren 20ean amaituko dituzte lanak.