Dena prest Karmen Eguneko hiru txirlo txapelketarako
Aurten ere bola joko txapelketa antolatu du MX3T elkarteak Uhagon osteko bolatokian. Banakakoa eta taldekakoa jokatuko dira. Omenaldi berezi bat ere prestatu dute.
Bakarkako txapelketari berrekingo dio aurten, Karmen Eguneko Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketak. Iazko modura, bigarren kuadrilla arteko txapelketa antolatuko du Markina-Xemeingo Hiru Txirlo taldeak (MX3T), baina baita bakarkakoa ere, bakarkako lorpenak ere kontuan hartu asmoz. «Iaz 10 urteko neskato batek bederatzi jo zituen, eta banakako saririk ez zegoenez, saririk barik geratu zen, eta pena handia hartu genuen antolakuntzakook», azaldu dute. Horrela, aurten bakarkako lau sari emango dituzte: lehenengoak eramango ditu txapela eta garaikurra eta jasotako diruaren %40; bigarrenak garaikurra eta diruaren %30; hirugarrenak garaikurra eta diruaren %20 eta laugarrenak garaikurra eta diruaren %10.
Kuadrillen arteko txapelketari dagokionez, aurten hiru laguneko taldeak osatu ahalko dira. Txapelak, 90 euro eta garaikurra eramango dute irabazleek, bigarren geratzen den kuadrillak garaikurra eta 60 euro eta hirugarrenentzako garaikurra eta 30 euroko saria egongo da. Zehaztu dutenez, udalaren eskutik datoz sari ekonomikoak eta garaikurrak. Bestelde, buruko 5 euro jarri beharko dira parte hartu ahal izateko.
«COVID-19a dela eta antolatu dugu aurten ere kuadrillen arteko txapelketa. Egoera berezi baten sartuta gaude, eta taldeka gauzak hobeto eramaten direla-eta erabaki genuen taldekako txapelketa bat antolatzea. Datorren urtean, espero dugu, berriro ere normaltasunera itzuli eta bakarrik bakarkakoa antolatzea», argitu dute.
Bolatoki berriari Antonio Ibarluzearen izena jarriko diote, haren lana aitortzeko
Ikusleek txapelketa biak lasaitasun osoz jarraitu ahal izateko, segurtasun neurri guztiak mantenduko dituztela jakinarazi dute. «Distantziak mantenduko dira, eta ezarritako arauak aplikatuko dira. Iaz ere errespetu handia eragiten zigun txapelketa antolatzeak, baina zoragarri joan zen dena, eta aurten ere esperantza berdina daukagu».
Inaugurazio berezia. Dena prest dauka MX3T taldeak, eta pozik agertu dira Uhagon osteko bolatoki berriagaz ere. Txapelketagaz inauguratuko dute azpiegitura eraberritua. Inaugurazio berezia izango da erabat. Bolatokiari Antonio Ibarluzea Lauzirika bolatokia izena jarriko diote haren omenez, Ibarluzeak bola jokoari egindako ekarpena aitortu asmoz. «Nabarmentzekoa da Antonio Ibarluzeak hiru txirlori egindako ekarpena. Euskal Herrian erabiltzen diren bola denak berak egindakoak dira, Antoniok sortutakoak. Barruan A bat zizelkatzen die. Berak bolak egiten jarraitu izan ez balu, nahikoa gaizki ibiliko ginateke». Ibarluzea markina-xemeindarra izanda eta bola jokoaren inguruan egiten duen lan handia eta kirol hori zenbat maite duen ikusita, omenaldi hori merezi duela azpimarratu dute MX3T elkarteko kideek. «Bera barik hau guzti hau ez litzateke posible izango. Zutabe garrantzitsua da Antonio hiru txirlon, eta begitandu zaigu garrantzitsua zela momentu hau aprobetxatzea omenaldi hau egiteko».
COVID-19 pandemia hasi zenetik Karmen Eguneko txapelketa izan da bola jokozaleek orain arte eduki duten bakarra. Iaz Euskal Herri osoan egon zen txapelketa bakarra izan zen Karmen Egunekoa. Aurten, berriz, Zaldibarko Eitzaga auzokoa izan da lehenengoa, eta hurrengoa Markina-Xemeingo Karmen Egunekoa izango da. Udazkenerako ere badaukate txapelketa bat aurreikusita: Euskal Herriko Txapelketa jokatuko da urrian eta azaroan.
Uhagon osteko bolatokia. Jokorako aukerarik egon ez bada ere, MX3T taldeko zuzendaritza batzen egon da urte osoan, batez ere Uhagoneko bolatokiagaz kezkatuta. Urte hasieran egon zen haize denboraleak bolatokiaren estalpea apurtu eta egurrezko egituran kalte handiak eragin zituen, eta erabili ezinik geratu zen. Konponbide bat aurkitu nahirik, Markina-Xemeingo Udalagaz egon dira hartu-emanetan. «Esan ziguten diru sail bat onartu zela udal aurrekontuetan bolatokiko aterperako, eta behar den moduan berreraikiko zela». Eskaera horri erantzunez, egitura sendoago bat egin du udalak, pista edo ibilbidea, ostera, eurek prestatu dute. «Brigadak ekarri zigun lurra Ezkurrandiko luizitik, eta joan den astean amaitu genuen. Brigadak ere amaitu ditu lanak eta, beraz, prest dago bolatokia erabiltzeko».
MX3T taldeak 43 bazkide ditu, eta federatu gehien dituen Euskal Herriko bigarren kluba dira
Adierazi dutenez, «lasaitasun itzela» ekarri die bolatoki berriak. «Teilatua apurtu eta zer gertatu zitekeen arduratan egoten ginen beti». Udalak klubarengan jarritako konfiantza ere eskertu dute. «Orain dela hiru urte hasi ginen bolatokiaren proiektuagaz, eta hiru urtean gauza handiak egin ditugu. Esate baterako, 2019ko Euskal Herriko Txapelketako finala bertan jokatu zen. Udalak asko jarri du bere aldetik».
MX3T taldeak 43 bazkide ditu. Federatu gehien dituen Euskal Herriko bigarren kluba dira, eta hiru urte besterik ez dauzka taldeak. Bola jokoa indartzen jarraitzeko asmoa daukate, eta horretarako, herriguneko bolatokia erabilgarri egotea dute helburu. Beraz, laster eskuragarri egongo da Uhagoneko tabernan bola eta hiru txirloko joko bat ere. Bitartean, Karmen Egunean jokatuko den txapelketan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak eta hiru txirlo zale